Politika -
Doako Justiziaren eguna
Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi inbertituko ditu aurten doako justizian
Urkulluren Gobernuak ia 18.960 lagun ingururi doako laguntza juridikoa finantzatzea aurreikusten du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi euro inbertituko ditu aurten doako justizian egoera ahulean dauden 19.000 laguni doako laguntza juridikoa bermatzeko, 2014an baino % 5,3 gehiago, alegia.
"Doako Justiziaren eta Ofiziozko Txandaren" egunaren harira, Eusko Jaurlaritzak "funtsezko zerbitzu horrekiko konpromisoa berretsi nahi du, Euskadin justizia-administraziora doan jotzeko aukera ematen baitie egoera ahulenean dauden pertsonei".
Ohar bidez Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du 14,5 milioi euro erabiliko dituela hiru lurralde historikoetako Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargo Profesionalek 2015ean egiten dituzten jarduera guztiak, guardiakoak zein ofiziozkoak, finantzatzeko.
Dirua honetarako erabiliko da: baliabide ekonomikorik ez duten eta, ondorioz, doako justiziarako eskubidea duten inputatu, atxilotu edo espetxeratu guztiei zuzenbide-arreta emateko, babes berezia behar duten kolektiboak izateagatik doako laguntza juridikoko txanda espezializatuak behar dituzten pertsona guztiei laguntza juridikoa emateko: genero-indarkeria, sexu-erasoak, etxe barruko indarkeria, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritartasuna, tratu txar edo abusuaren biktima izan diren ezgaitu psikikoak...
Halaber, Orientazio Juridikoko Zerbitzuen (OJZ) funtzionamendu-gastuak finantzatzeko ere baliatuko da dirua: zerbitzuok Euskadiko Justizia Jauregietan eta espetxeetan eskaintzen dira, prozesu judizialaren aurretik doako aholkularitza eta orientazioa emateko.
Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, doako laguntza juridikoa finantzatuko dio 18.960 pertsonari aurten, eta horietatik 4.200 genero-indarkeria edota sexu-erasoak jaso dituzten emakumeak izango dira.