Politika -
Auzitegi Nazionala
Aginagalde epaituko dute gaur, Hernanin 3 lehergailu jartzea egotzita
Berarekin batera Joanes Larretxe ere epaituko du Auzitegi Nazionalak. Fiskalak 401 urteko kartzela-zigor eskaria egingo du bakoitzarentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxe epaituko dituzte astelehen honetan Auzitegi Nazionalean, 2009an Hernaniko Santa Barbara mendian hiru lehergailu jartzea egotzita. Duela gutxi, 32 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Beñat Aginagalderi Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohia hiltzea leporatuta.
Fiskalak 401 urteko kartzela zigorra eskatuko du bakoitzarentzat 25 delitu egotzita, tartean, hilketa terrorista saiakera, talde armatuko kide izatea eta lehergaiak izatea eta egitea.
Miguel Angel Carballo fiskalak epailearen aurrean azalduko du, haren esanetan, Beñat Aginagalde, Joanes Larretxe, Ugaitz Errazkin, Iurgi Garitagoitia, Manex Castro Asti talde legaleko kide zirela. Manex Castro zigortua izan zen atentatu hori dela eta.
Fiskalaren hitzetan, lehergailuetako batek 2009ko urtarrilaren 16ko goizaldeko ordubatean egin zuen eztanda Hernaniko Santa Barbara auzoko komunikazio errepikatzailean.
"Errepikatzaileko lehergailuaren eztanda beren asmoaren lehen zatia baino ez zen, izan ere, goizalde zela baliatuta eta Ertzaintza bertaratuko zenaren itxaropena izanik, beste bi lehergailu ipini zituzten lehen lehergailuarengatik metro gutxira eta komunikazio errepikagailuko bidean ezkutatuta", adierazi du fiskalak bere idatzian.
Ahalik eta polizia gehien hiltzea zen lehergailuak jarri zituztenen helburua, fiskalaren arabera.
ETAk bere gain hartu zuen atentatua 'Gara' egunkarira bidalitako ohar batean.