Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Esteban (EAJ): 'Euskal nazioa subjektu politiko gisa aitortu behar da'
Jeltzaleek Kongresuan duten bozeramaileak "ezer gutxi" espero du Urkullu-Sanchezen bileraz, baina ohartarazi du balizko akordio batek aitortza hori egin behar duela ezinbestean.
Agentziak | Erredakzioa
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak "ezer gutxi" espero du Iñigo Urkullu lehendakariak eta Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak uztailaren 17an egingo duten bileraz, eta EAJrekin egin beharreko akordioak alderdiaren zuzendaritzarekin egin behar direla esan du, "ez Lehendakaritzarekin". Dena dela, balizko akordio horrek "euskal nazioa subjektu politiko gisa aitortu behar du", Estebanen iritziz.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, bi buruzagiek egin beharreko bileraz mintzatu da Esteban. Jeltzaleak ez du "inolako akordiorik" lortzea espero, baina "baten batek alderdien arteko itunak buruan baditu, Euzkadi Buru Batzarrarekin egin behar dira, ez gobernuarekin, funtzio instituzionala duelako".
Estebanen aburuz, PSOEk ez du "zehaztu estatu berriaz duen ideia" eta ikusteko dago "hau konpontzeko borondatea ote duen". Horren esanetan, "kontu txiki eta teknikoez harago, hemen arazo handia dago: nazio arazoa. Euskadiren eta Kataluniaren arazoak buruhauste galantak ematen dizkiote arkitektura instituzionalari, eta gakoa hori da, ea arazo hori konpontzeko borondaterik ote dagoen".
Buruzagi jeltzalearen aburuz, PSOEk jeltzaleekin akordioa lortu nahi badu "euskal nazioa subjektu politiko gisa onartu behar du, eta bi aldeko mekanismoa onartu, Euskadi ezin delako beste autonomia erkidego soil bat moduan hartu", azpimarratu du.
Hain justu, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak igandean aipatutako "nazio kulturaren aitortza" ahotan hartuta, Estebanek adierazi du ez dakiela zer esan nahi duten horrekin, izan ere; "nazioa edo bada edo ez da".