Politika -
Epaiketa
Aginagaldek ukatu egin du Hernaniko mendi batean bi bonba jarri izana
"Ekintza zehatz honetan ez dut parte hartu", deklaratu du ETAko kideak, epaiketan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beñat Aginagalde ETAko kideak ukatu egin du 2009an Hernaniko Santa Barbara mendian bi lehergailu jarri izana. Azkenean, bi bonba horiek ez zuten eztanda egin, baina bai ertzainak erakartzea helburu zuen beste hirugarren batek.
Aginagalde eta Joanes Larretxea akusatuen aulkian eseri dira gaur, atentatu saiakera horregatik. Fiskalak 401 urteko espetxe zigorra eskatu du horientzat, 25 hilketa saiakera, ETAko kide izatea eta lehergailuak egitea egotzita.
Epaiketaren hasieran, Aginagaldek ukatu egin du erasoan parte hartu izana: "Ez dut deklaratuko; nolanahi ere, ekintza zehatz honetan ez dudala parte hartu esan nahi dut; beste ekintza batzuengatik nago kondenatuta, baina honetan ez dut inolako parte-hartzerik izan".
"ETAko kide naizela baino ez dut esango; ez diet galderei erantzungo", adierazi du Larretxeak.
Manex Castro ETAko kideak (jada kondenatuta dago atentatu honengatik) lekuko gisa deklaratu du, eta ukatu egin du Aginagaldek parte hartu izana. Gainera, iraganean egile gisa identifikatu zuenean, "torturen ondorio" izan zela gaineratu du.
Mendira bertaratu zen ertzainetako batek ere deklaratu du, eta eztanda egin zuen bonbaren helburua agenteak "erakartzea" zela esan du. "Benetan kaltegarriak ziren lehergailuak lehertu ez ziren biak ziren", erantsi du.
Bi bonba horiek 8,5 eta 10 kilo lehergai zituzten, eta eztanda "suntsitzailea" izango zitekeen, polizia horren hitzetan. Halaber, bi lehergailuek "Kontuz, bonba ETA" kartela zutela gogorazi du, "handik pasatu zitezkeen pertsonak ohartarazteko, baina ez poliziak, leku osoa arakatu behar zutelako".