Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Maneiro: 'Ez gara damu Ciudadanosekin aurkeztu ez izanaz'
Legebiltzarkidearen hitzetan, UPyDren zuzendaritza berria 'inori goitik begiratuta hitz ez egiten" saiatuko da, "orain arte ez bezala".
Agentziak | Erredakzioa
Udal eta foru hauteskundeetan Ciudadanosekin koalizioan aurkeztu ez izanaz damu ez direla nabarmendu du Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkide eta alderdiko bigarrenak.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, asteburuan UPyDk zuzendaritza berritzeko egindako kongresua hizpide hartu du Maneirok. Andres Herzog donostiarra da alderdiko burua, eta Maneiro berak eta Maite Pagazaurtunduak osatzen dute zuzendaritza. Legebiltzarkidea Programa eta Ekintza Politikako arduraduna eta bozeramaile ondokoa izango da.
Kongresuaren ondotik, "inor sobran" ez dagoela azpimarratu du Maneirok eta Herzogen aurkaria izan den Irene Lozano hautagaiaren "lan bikaina" goraipatu du.
Legebiltzarkideak azaldu duenez, UPyDn ez dira damu Ciudadanosekin hauteskundeetarako koalizioa egin ez izanaz. Izan ere, haren hitzetan, bi proiektu politiko "ezberdin" dira eta "ez dugu nahi ez garen zerbaitean sartu".
Zuzendaritza berriak "alderdiko afiliatuak batu eta jendeari gehiago entzutea" izango du helburu. "Orain arte larregitan egin dugu, baina inori goitik begiratuta ez hitz egiten saiatu behar gara", erantsi du. Rosa Diez ahotan, alderdian jarraituko duela baieztatu du Maneirok, eta nahi duenean, "bere iritzia ematen jarraitu ahalko du".