Politika -
14. urteurrena
Senitartekoek eta alderdikideek Mugicari omenaldia egin diote Leitzan
UPNko zinegotzia 2001eko uztailaren 14an hil zuen ETAk. Hil zuten lekuan errespontsu bat otoiztu eta lore-sorta jarri dute.
Agentziak | Erredakzioa
UPNko kargudunek, Leitzako bizilagunek eta senitartekoek Jose Javier Mugicari omenaldia egin diote gaur. UPNko zinegotzia 2001eko uztailaren 14an hil zuen ETAk. Honenbestez, hilketaren 14. urteurrena bete da gaur.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuaren jarduneko presidentea, Oscar Arizcuren UPNko idazkari nagusia, Jorge Esparza Antolakuntza idazkaria, Jose Javier Esparza eta Juan Luis Sanchez de Muniain kontseilariak, Amelia Salanueva senataria eta Nacho Igea Juventudes Navarrasen presidentea bertan izan dira, baita UPNko beste parlamentari eta kargudun batzuk ere.
Reyes Zubeldia Mugicaren alarguna eta Daniel, Francisco Javier eta Raquel seme-alabak lagundu dituzte Leitzako bizilagunek eta herritarrek, UPNk agiri batean jakitera eman duenez.
Errespontsua eta loreak
Zinegotzia hil zuten lekuan errespontsua otoiztu eta lore-sorta jarri dute, plaka baten alboan. Plakan ondokoa jartzen du: “Bere ideiak defendatzeagatik bizitza kendu zioten: askatasuna, justizia eta bakea”.
Ondoren, parte-hartzaileak elizara joan dira eta bertan eukaristia bat egin dute.
Omenaldi xume honekin, Jose Javier Mugicaren lana eta figura goraipatu nahi izan du UPNk. “Pertsona eta demokrata gisa eredu ahaztezina” dela azpimarratu du alderdiak.