Politika -
Gernika
EAJ: 'Gure herria jatorri bereko zazpi herrialdek osatzen dute'
120. urteurrenaren harian egindako ekitaldian, alderdiak zin egin du herriaren auziarekin fidela izango dela. EAJk edonolako "hertsapen edo inposizioa" ukatu du, baita edozein "oztopo edo muga" ere.
Agentziak
EAJk zin egin du, Gernikako Arbolapean, herriaren auziarekin fidela izango dela eta, zinean alderdiak esan du Euskadi bere aberria dela eta herri bereko herrikideak direla, "jatorri bereko zazpi herrialdekoak".
Gainera, euskal nazioa eraikitzeko konpromisoa berretsi egin dute, eta "herritargoaren borondate askeari jarriko zaizkion edonolako eragozpen edo mugak errefusatzen ditugun modu berean".
Zina Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak irakurri du Gernikako Batzar Nagusietan, alderdiaren 120. urteurrena dela eta deitutako ekitaldian, alderdiko ordezkari nagusiekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera.
Adierazpena hamar puntukoa da eta, bertan, EAJk hitza eman du "konpromiso irmo hau beteko dugula bakoitzaren egoera pertsonalaren eta denboraren gorabeheren gainetik". Gainera, "behartze eta inposaketa eredu guztiak gaitzesten ditugu, herritargoaren borondate askeari jarriko zaizkion edonolako eragozpen edo mugak errefusatzen ditugun modu berean", erantsi dute.
Era berean, EAJk adierazi duenez, "gure herriak ez du besteak baino hobea edo okerragoa izan nahi, baina bere nortasun propioa izateko helburua defendatzen du".
Halaber, azpimarratu egin dute ez dagoela "kausa politikorik etikaren oinarrizko printzipioen edo giza eskubideei zor zaien errespetuaren gainetik jar daitekeenik".
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi duenaren arabera, "ez dugu inola ere onartuko gure ahalmen eta gaitasunak murriztea, birzentralizatzea inposatzea edo euskal hiritargoaren borondate aske eta demokratikoa mugatzea".
Horren ildotik, "Europari begiratzen diogu, Euskadiren geroari begiratzen diogu, atxikimendu askearen bidez aitortua izango den nazio gisa merezi dugun tokia lortzeko lana egiten dugu", esan du lehendakariak.
Azkenik, gaineratu duenez, "sekula ere ez dugu onartu kausa politikoa printzipio etikoen eta giza eskubideen gainetik jartzea. Gure eredua da Euskadi ideietan, errespetuan, aniztasunean, akordioan eta hitzarmenetan oinarritzea eta sustrai horietan eraikitzea".