Politika -
Gobernu berria Nafarroan
Nafarroako Gobernuko kontseilari berriek beren karguak hartu dituzte
Bost gizonezkok eta lau emakumek osatuko dute Uxue Barkos presidenteak gidatuko duen Nafarroako Foru gobernu berria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Foru gobernu berriko bederatzi kontseilariek beren karguak hartu dituzte gaur eguerdian, atzo Uxue Barkos Nafarroako presidente berriak horien izendapena gauzatzeko dekretua sinatu ostean.
Bost gizonezkok eta lau emakumezkok osatuko dute Uxue Barkos presidenteak gidatuko duen Nafarroako Foru gobernu berria, eta bi presidenteordetza izango ditu: bat ekonomikoa eta bestea soziala. Manu Ayerdi -orain arte EAJren Nafarroako presidentea izan dena- Ekonomia presidenteorde izateaz gain, Industria, Berrikuntza eta Garapen, Lan-harreman, Merkataritza, Turismo eta Sustapen kontseilari izango da. Halaber, Miguel Laparra NUPeko irakaslearen esku geratu da Presidenteordetza Soziala, eta Gizarte Politikako, Enpleguko eta Etxebizitzako kontseilari ere izango da.
Hauek dira gainerako kontseilariak: Maria Jose Beaumont, Presidentzia eta Funtzio Publikoko, Segurtasun eta Justizia kontseilari; Ana Ollo, gobernu bozeramaile eta Hizkuntza Politika, Berdintasun, Bake eta Elkarbizitza eta Estrategia kontseilari; Ana Herrera, Kultura, Parte-hartzea, Kirola eta Gazteria kontseilari; Isabel Elizalde, Nekazaritza Garapen, Udal Administrazio, Ingurugiro eta Lurralde Antolaketa kontseilari; Mikel Aranburu, Ekonomia eta Ogasun kontseilari; Jose Luis Mendoza, Hezkuntza kontseilari eta Fernando Dominguez, Osasun kontseilari.
Kontseilari guztiek hitz-emate formula erabili dute eta Foru Erregimena, Espainiako Konstituzioa eta legeak errespetatuko dituztela hitz eman dute, baina Maria Jose Beaumontek "legeak behartuta" hitz eman duela esan du. Gainera, bederatzi kontseilarietatik zazpik euskaraz eta gazteleraz hitz egin dute eta gainerako biek hizkuntza bakarrean; Mikel Aranburu kontseilariak euskara hutsean eta Fernando Dominguezek gaztelera hutsean.
Behin kargu-hartze ekitaldia amaituta, Uxue Barkos Nafarroako presidente berriak hartu du hitza eta kontseilari berriei eskerrak emateaz gain, errespetua adierazi die. Barkosek nabarmendu du egoerak eskatzen duen mailan egongo dela Nafarroako gobernua eta aldaketak "sakonak, lasaiak, zentzudunak eta integratzaileak" izango direla.
Barkosek adierazi du uneoro hitz egiteko prest egongo den eta gizarteari entzungo dio gobernua izango dela berea, "herriak politika soluzioaren parte izatea nahi baitu eta ez arazo".
Halaber, nabarmendu du oreka zainduko duela eta erabaki guztien oinarria "zintzotasuna" izango dela.
Nafarroako Gobernuko bederatzi kontseilari berriek arratsalde honetan egin dute beren lehendabiziko bilera, Uxue Barkos presidenteak zuzenduta.