Politika -

15 urte hil zutenetik

Maixabel Lasak 'autokritika egitea' eskatu dio ezker abertzaleari

ETA "babestu, defendatu eta txalotu" zuela eta talde armatuari "helburuak" ere zehaztu zizkiola nabarmendu du.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Juan Mari Jauregi omendu dute

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Batzar Nagusiek omenaldia egin diote gaur goizean Juan Mari Jauregi gobernadore zenari, ETAk hil zuela 15 urte diren honetan.

Ekitaldian, Maixabel Lasa alargunak eta Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidenteak lore-sorta utzi dute Jauregiren omenezko plakan. Ondoren, parte-hartzaileek minutu bateko isilunea egin dute.

Besteak beste, honakoak izan dira omenaldian: Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEko idazkari nagusia, Xabier Olano EH Bilduko bozeramailea, EAJko hainbat batzarkide, Markel Olano ahaldun nagusia, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, Borja Semper Gipuzkoako PPko presidentea, Juantxo Iturria Ahal Duguko bozeramailea eta Unai Sordo CCOOko idazkaria.

Ekitaldia bukatu eta gero, Maixabel Lasak "autokritika" egiteko deia egin dio ezker abertzaleari, "erantzukizun handia" baitu gertatutakoan. Izan ere, ETA "babestu, defendatu eta txalotu" zuela eta talde armatuari "helburuak" ere zehaztu zizkiola nabarmendu du.

Lasaren ustez, biktimen aldeko ekitaldiak egiten jarraitu behar dute, "garrantzitsuena" gertatutakoa "ez ahaztea" baita.

Omenaldia, urtero

Batzar Nagusietako mahaiak iaz onartu zuen urtero lore-omenaldia egitea Foru ganberako kide izandako Jaime Arreseri eta Juan Mari Jauregiri, haien hilketen urteurrenean.

Jaime Arrese Komando Autonomo Antikapitalistek erail zuten 1979ko urriaren 23an, UCDko (Unión de Centro Demeocrático) batzarkide zenean. Haren eserlekua hutsik egon zen 1983an hurrengo hauteskundeak egin arte ziren arte. Bere aldetik, alderdi sozialistako kide zen Juan Mari Jauregi ETAk tirokatu zuen 2000ko uztailaren 29an.

Joan zen urtean, Jauregi hil zuten ETAko kidetako batek, Ibon Etxezarretak, 14 krabelin jarri zituen Gipuzkoako gobernadore zibil ohia oroitzen duen monolitoaren aurrean, eta bere damua azaldu zuen.

ETAko kondenatu batek berak hildako pertsona zuzenean ondratu zuen lehen aldia izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE albisteak ETA albisteak