Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Lasa: 'Lortu dugu denok batera egotea giza eskubideen defentsan'
Juan Mari Jauregiren alargunak urte askoan ETA "babestu eta bultzatu" duela aitortzeko deia egin dio ezker abertzaleari.
D. Perez | eitb.eus
Gaur 15 urte dira ETAk Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore ohia hil zuela, eta Batzar Nagusiek omenaldia egingo diote. Iaz bezala, aurten ere alderdi guztien ordezkariek parte hartzea espero da.
"2000 urtean Juan Mari hil zutenean oso zaila zen horrelako gauza bat ikustea, baina urteak joan eta gero, lortu egin dugu denok batera egotea giza eskubideen defentsan", txalotu du Maixabel Lasa alargunak, "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan egindako elkarrizketan.
Iazko ekitaldian Ibon Etxezarreta, Jauregiren hiltzaileetako bat, ere izan zen, damua agertzeko. "Aurrerapausoa izan zen; asko eskertu nion bertan egotea", adierazi du Lasak.
Dena dela, oraindik ere egitekoak daudela gogorarazi du. Horren ildotik, ezker abertzaleari zuzendu zaio, eta urte askoan ETA "babestu eta bultzatu" duela aitortzeko deia egin dio. "[Ezker abertzalea] erantzule handienetako bat izan da, eta ez du autokritikarik egin", deitoratu du.
Alderdi abertzaleak barkamena eskatu behar ote duen galdetu dio kazetariak, baina hori egitea baino gehiago, "aitortza" egitea eskatzen diola nabarmendu du Maixabel Lasak, hots, "min asko eragin duela" aitortzea.
Bestalde, bizikidetzaren bidean egin beharreko beste urratsa "gertatutakoa kontatzea" dela esan du. "Memoria eta relato hori jasotzea", azpimarratu du.