Politika -
EAJri eta PSEri kritika
Bilboko Udalak elizkizunetan parte hartzen duela salatu dute
Oposizioko taldeek penagarritzat jo dute udal gobernuak "erakundeen eta erlijioen artean egon behar den banaketa ez errespetatzea".
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbok salatu egin dute Udalak hilaren 15 eta 16ko elizkizunetan parte hartuko duela -salatzaileak ez dira joango- eta, ohar baten bidez, penagarritzat jo dute udal gobernuak "erakundeen eta erlijioen artean egon behar den banaketa ez errespetatzea".
Erakundeek izaera laikoa izan behar dutela azpimarratu egin dute taldeok eta, ondoren esan dutenez, printzipio harenganako errespetua "oinarrizko printzipioa" izan behar da udal gobernuarentzat, laizismoa baita "esparru bakarra, sinismen eta balore ezberdinak" dituzten pertsonen elkarbizitza berma dezakeen bakarra.
Gainera, taldeok iragarri dute ez dutela bat egingo Bilbon abuztuaren 15ean (Begoñako Basilikan) eta 16an (Pagasarrin eta Artxandan, San Roke dela eta) egitekoak diren elizkizunekin.
Era berean, deia egin dute EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak "udal administrazioa independentea" izatea bermatzea, edozein erlijiorekin eta, bereziki, Eliza katolikoarekin.
Bruno Zubizarreta EH Bilduren zinegotziaren esanetan, laizismoaren aldeko konpromisoa eta erakundeen eta erlijioen arteko banaketa Bilboko alderdi politikoen erdiak onartuta dauka dagoeneko, iazko laurdenarekin alderatuta.
Zubizarretak aitortu egin du ez duela ulertzen PSOEk "modu aktiboan" parte hartzea, iraganeko ekitaldiotan, "erlijio katolikoa eta politika bat ziren garaian" bezala, ezkertiar izaera berreskuratzen ari den honetan.