Politika -

Bilbo

Jaurlaritzak 'erabat gaitzetsi' du biktimen oroitarriaren erasoa

Biktimak gogorarazteko oroitarriari eraso egin diote goizaldean, Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Sabotajea dispositibo su-eragile batekin egin dute.

Casilda Iturrizar parkean dagoen oroitarria. Argazkia: Bilboko Udala
Casilda Iturrizar parkean dagoen oroitarria. Argazkia: Bilboko Udala
Casilda Iturrizar parkean dagoen oroitarria. Argazkia: Bilboko Udala

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ''erabateko gaitzespena'' agertu du biktimak gogorarazteko Bilboko Casilda Iturrizar parkean kokatutako oroitarriak jasandako erasoaren aurrean. Jaurlaritzaren hitzetan, eraso hau ''herritar guztiek bakean bizitzeko duten eskubidearen kontrako ez-gizalegezkoa ekintza da''.

Biktimak gogorarazteko oroitarriari eraso egin diote goizaldean, Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Sabotajea dispositibo su-eragile batekin egin dute. Udalak azaldu duenez, garbiketa zerbitzuak azkar ibili dira eta erasoak oroitarrian kalte handiagoak eragitea saihestu dute.

Bilboko alkatea: "Intoleranteek ez dute tokirik”

Sabotajea irmo gaitzetsi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta “intoleranteek tokirik ez” dutela gaineratu du.

“Pertsona intoleranteak eta indarkeria mota guztietako biktimekiko errespetua ez dutenak soberan daude”, azpimarratu du Aburtok.

EH Bildu: ''Indarkeria ekintzak onartezinak dira''

Biktimen oroitarriari egindako erasoa bezalako “indarkeria ekintzak guztiz onartezinak” direla adierazi du Bruno Zubizarreta Bilboko EH Bilduren zinegotziak. Zentzu horretan, koalizioaren “konpromiso aktiboa” berretsi du Zubizarretak, “biktima guztien” memoria eta aintzatespena lortzeko.

“Indarkeria ekintzen” aurrean koalizioaren errefusa argi utzi du Zubizarretak, “guztiz onartezinak” direlako. “Euskal Herrian zabaldutako garai politiko berrian aurrera egin nahi ez dutenak elikatzeko baino ez dute balio”, ohartarazi du.

Bilboko erasoak “zentzurik ez” duela salatu du PSE-EEk

Bilboko PSE-EEk erasoa gaitzetsi du. Ekintza horiek “batere zentzurik ez” dutela ziurtatu dute sozialistek. “Biktimak eta memoria mespretxatzen dituztela demostratzen dute”, erantsi dutenez.

“Zenbait lagunen tolerantziarik eza, eta bilbotarren bake eta askatasun gogoak onartzen ez” dituztela azaldu dute zinegotzi sozialistek agiri batean.

"Tik totalitarioek” jarraitzea deitoratu du PPk

Alderdi Popularraren ahotan, “demokraziaren, terrorismoaren biktimen eta Bilboko gizarte guztiaren duintasunari egindako erasoa da”. “Gutxi batzuen tik totalitarioek” jarraitzen dutela deitoratu du PPk. Horregatik, alderdi guztiek, “baita EH Bilduk ere”, gertatutako gaitzestea espero du PPk.

“Gutxi batzuen tik totalitarioek jarraitzen dutela egiaztatzea domaia da egun. Gasteizko festetan ere ETAren anagrama bat agertu da”, deitoratu du PPk.

Erasoa gaitzesteko eskatu dio Covitek ezker abertzaleari

Erasoa gaitzesteko eskatu dio Covite terrorismoko biktimen kolektiboak ezker abertzaleari.

Sabotajea gaitzetsi du Covitek agiri batean. “Erasoaren atzean, terrorismoaren biktimak umiliatzeko erradikalen saiakera bat dago, biktimak espazio publikotik kanporatzeko saiakera, alegia”, salatu du Covitek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Berriak Politika PP Bilbo Zer gertatu da Bizkaian? Eusko Jaurlaritza albisteak EH Bildu Bizkaia PSE-EE Araba Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Memoria historikoa albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa