Politika -
Katalunia
EAJ: 'Katalunian independentisten kopurua igotzea PPren meritua da'
Aitor Esteban jeltzaleak Artur Mas Kataluniako presidentearen estrategia goraipatu du.
EFE | ERREDAKZIOA
Aitor Esteban EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, "inoiz independentzia planteatu ez duten katalanek orain aukera serio gisa ikusten dute eta hori politika espainiarraren eta, hein handi batean, Mariano Rajoyren meritua da".
EFE albiste agentziari eskainitako elkarrizketan, ordezkari jeltzaleak adierazi du irailaren 27ko hauteskundetako emaitzen zain egon beharko dela Kataluniaren etorkizuna zein izango den jakiteko. "Agian ez da inolako zalantzarik geldituko, independentziaren aldeko gehiengoa oso zabala delako edo alderantziz", gaineratu du.
"Kataluniak ezin du gaur egun duen estatusarekin jarraitu. Kataluniako gizarteak ez du zerikusirik iraganekoarekin: inoiz Espainiarekiko loturaz pentsatu ez dutenek orain serio hartzen dute auzia", zehaztu du.
Estebanek Artur Mas Kataluniako presidentearen estrategia goraipatu du: "zailtasunak zailtasun, zin egindako pausu guztiak eman ditu; irudimen asko izan du eta legeak ezarritako zailtasunak nola gainditu dituen nabarmendu nahi dut".
Hauteskundeen ondotik, Masek iragarritako pausoak emango dituela uste du Estebanek. "Gero ikusi beharko da pauso horiek zertan gelditzen diren", gaineratu du.