Politika -

Heriotza

'Txiki' Benegas politikari sozialista zendu da

Politikari eta abokatua 1948an jaio zen Caracasen eta gaur hil da Madrilen. Berria zabaldutakoan, erreakzioak han-hemenka agertu dira.

 

Txiki Benegasen ibilbide politiko luzea

1:39

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria 'Txiki' Benegas euskal politikari eta abokatu sozialista hil da astearte honetan, Madrilen, gaixotasun batek luze jo ondoren, PSOEk Eferi jakinarazi diotenez. Politikaria Caracasen (Venezuela) jaio zen 1948an.

Benegas 1948ko uztailaren 25ean (Venezuela) jaio eta Kongresuan eskarmentu handiena zuen diputatua zen. Euskal sozialismoaren ikur izan zen, Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerraren garaian.

Gorteetan eserlekua lortu zuen 1977an eta soilik huts egin zuen bigarren, 1984-1986, eta hirugarren, 1986-1989, legealdietan, lehendakari izateko hautagaitza aurkeztu eta legebiltzarkide izan zelako.

Benegasen ehorzketa ostegunean egingo dute senideek eta lagunek, ekitaldi xume batean, Donostiako kanposantuan, 10:30ean. Bere aldetik, Alderdi Sozialistak "datozen asteetan" egingo dio omenaldia.

Heriotzaren berria zabaldutakoan, erreakzioak han-hemenka sortu ziren.

Kongresuko Osoko Bilkurak minutu bateko isilunea egin zuen, diputatu sozialistaren omenez. Estatuko Aurrekontu Orokorren gaineko eztabaida hasi aurretik, Posadak "albiste txarraren" berri eman zien diputatuei; "ibilbide politiko luzea eta oparoa" izan zuen, adierazi du.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiaren arabera, 'Txiki' Benegas pertsonaia ezinbestekoa izan da PSE-EEn; "Euskadirekin eta autogobernuarekin" konpromisoa hartua zeukan. Gainera, azpimarratu egin zuen "ezberdinen arteko elkar ulertzearen defendatzaile sutsua" zela. Heriotzaren berri izandakoan Mendiak  adierazi zuenez, 'Txiki' Benegas hil da "euskal sozialistentzat eta euskal Sozialismoarentzat, orokorrean, izan den ezinbesteko gizona" joan da. "'Txiki'ren inguruan hitz egitea Alderdi Sozialistaren inguruan hitz egitea da. Biak gauza bera dira. Berak ezinbesteko zeregina izan zuen trantsizioan, Euskal Autonomia Erkidegoan eratu ziren lehenengo erakundeetan eta Euskal Kontseilu Orokorreko kide izan zen", nabarmendu zuen.

Pedro Sanchez PSOEko buruaren hitzetan, bestalde, ''garrantzia historiko handiko politikaria'' izan da Benegas.

Odon Elorza bere lagun eta Donostiako alkate ohia goibel azaldu zen Twitterren heriotzaren berri izan eta gero eta, esan zuenez, "askatasunaren defentsan eman du bizitza". Ondoren, "besarkada bero bat" bidali zion familiari.

Patxi Lopezen hitzetan, ''bizia osoa'' eman zuen Benegasek ''elkartasuna, akordioa eta bakea eraikitzen'', Twitterren bidalitako mezu batean.

Erreakzio gehiago

Iñigo Urkullu lehendakariak ere doluminak adierazi zizkion PSE-EEko burukide sozialistaren familiartekoei. Politika-lanerako zeukan "ikuspegia eta asmoen bikaintasuna" nabarmendu nahi izan zituen lehendakariak, baita "gure herria egituratu duten akordio handietan izan zuen parte-hartze aktiboa eta zuzena" ere. "Beti agertzen zuen Euskadiko autogobernuarekiko konpromisoa", gaineratu zuen.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, Benegasek negoziatzen zuen bokazioa azpimarratu zuen, eta maila pertsonal handiko gizona zela adierazi zuen. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaleak exekutiboaren ''atsekabea'' adierazi zuen''galera'' dela-eta, eta Benegasen ''maila pertsonala handia'' azpimarratzeaz gain, ''herri hau eraikitzen lagundu duten akordio handietan egindako ekarpena'' nabarmendu zuen. Jaurlaritzaren izenean dolumina adierazi zuen Erkorekak, eta ''memoria egin'' behar dela defendatu zuen, Benegasen ''ibilbide pertsonal eta politikoa nabarmentzeko''. Maila pertsonalean, ''gertukoa'' zela esan zuen, ''akordioen laguna''.

Iñaki Anasagasti (EAJ) senataria oso hunkituta agertu zen bere lagunaren heriotzagatik. Haren gainean esan zuen arrazako eta bokaziozko politikaria zela. Halaber, gaineratu zuenez, "ezin daiteke azken urteetako zein trantsizioko historia kontatu, ez Euskadin, ez Espainian, berari buruz jardun gabe".

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaleak esan zuen "saminduta" dagoela Benegasen heriotza dela eta; "marka handia utzi zuen pertsona izan da, bai politikari gisa, baita legebiltzarkide gisa ere". "Pertsonalki, pena handia sentitzen dut heriotzagatik, akordioak egiteko gauza zen eta, gainera, lehengo estiloan; gaur egin galduz doana", esan zuen Kongresuan, hedabideen aurrean. Estebanen arabera, "estilo" horri esker, Benegasek "zorrotz betetzen zituen" egindako akordioak, nahiz eta adostasuna lortzea zaila izan.

Mariano Rajoy presidenteak telegrama bat igorri zion PSOEri, baita familiartekoei eta hurbilenekoei ere. Mezuan zehar "burukide historikotzat" jo zuen  politikari sozialista. Horrez gain, Benegasek egindako "demokraziaren eta askatasunaren defentsa" eta "elkarrizketan jarduteko eta adostasunetara heltzeko zeukan ahalmena " ere azpimarratu zituen gobernuburuak.

Cristobal Montoro Ogasun ministroak, Kongresuan agerraldia egin zuenean, doluminak agertu zituen Ganberako "kide aktibo" baten heriotzagatik, "demokraziaren esanahia zabaltzeko gaitasuna" izan zuela nabarmendu zuen.

Arantza Quiroga PPko ordezkariak, bestalde, ''elkarrizketarako gaitasuna'' azpimarratu zuen, eta Rafa Larreinak (Amaiur) ''elkarrekin egindako lana'' gogoratu zuen, ''ideologikoko desadostasunak izan arren''; UPyDren hitzetan, ''benetako politikoa'' zen.

Arrosa gorriak bere aulkian

Dozena bat arrosa gorri jarri zituzten Diputatuen Kongresuan Benegasi zegokion aulkian. Estatuko Aurreko Orokorren gaineko eztabaidaren goizeko saioa bukatu denean ikus zitekeen aipatutako lora-sorta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSE-EE