Politika -

Biografia

Txiki Benegas, euskal sozialista bat PSOEko buruzagitzan

Trantsizioaren historian eta euskal sozialismoan ezinbestekoa izan da Jose Maria Benegas.

Txiki Benegasen ibilbide politiko luzea

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria 'Txiki' Benegas Haddad gaur zendu da, Madrilen. Kongresuko diputatu beteranoena, Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerraren garaian PSE-EEko buruzagietako bat izan zen.

Trantsizioaren historian eta euskal sozialismoan ezinbestekoa izan da Jose Maria Benegas.

Caracasen jaio zen, 1948ko uztailaren 25ean, gerra zibilaren garaian bere aita erbestean bizi baitzen. 1956an itzuli ziren, eta familiak Donostian ezarri zuen etxebizitza.

Batxilergoa Donostian egin ondoren, Valladolideko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide ikasketak Txiki Benegasek. Abokatu laboralista, UGTn eta PSOEn sartu zen, 1972ko urtarrilean, biak klandestinoak zirenean.

Urte horretan, Euskadiko langileentzat lehen lan-aholkularitza jarri zuen martxan, Ramon Jauregui eta Enrique Iparraguirre sozialistekin batera. Garai horretan, hainbatetan atxilotu zuten Benegas; 1976ko ekainean, azkenengoz.

Bi urte lehenago, 1974an, Felipe Gonzalezen PSOEn Batzorde Exekutiboko kide aukeratu zuten. 23 urtez aritu zen bertan, Joaquin Almunia Idazkaritza Nagusira iritsi zen arte.

23 urte horietan, Antolakuntza idazkari izan zen (1984-1994) eta Harreman Politiko eta Instituzionaletarako idazkari (1994-1996).

PSOEko euskal taldea PSE-EE bilakatu zenean, idazkari nagusi aukeratu zuten, 1977ko martxoan. 1988ko Kongresura arte izan zen kargu horretan, eta PSE-EEko presidente hautatu zuten orduan. Trantsizio garaian, Txiki Benegasek Amnistiaren Legea prestatzen lagundu zuen, baita 1978ko Konstituzioa egiten ere. Estatu autonomikoa defendatu behar izan zuen Madrilgo Kongresuan, Fraga Iribarne ministroari aurre eginez.

Bitan kontseilari izendatu zuten autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusian, eta Gernikako Estatutua lantzeko prozesuan ere parte-hartzea aktiboa izan zuen.

Horrez gain, terrorismoaren aurkako bi akordio handiren sustatzaile izan zen: Terrorismoaren aurkako Madrilgo ituna (1987) eta Ajuria Enekoa (1988).

1986an, lehendakarigai izan zen, eta hauteskude horiekin eman zitzaion hasiera Jaurlaritzan sozialista eta jeltzaleen arteko koalizio gobernuen hamar urteko ibilbideari.

1977az geroztik, diputatua izan zen Espainiako Kongresuan, Eusko Legebiltzarren legebiltzarkide izan zen legegintzaldian izan ezik. Alfonso Guerrak agur esan zuenetik, Txiki Benegas izan da Espainiako Kongresuko beteranoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSE-EE berriak