Politika -

Diputatuen Kongresua

PPren legearen urgentziazko tramitea gelditzeko eskatu diote Posadari

Oposizioko talde guztiek sinatutako idatzi batean, Jesus Posada Kongresuko presidenteari eskatu diote atzera egiteko eta Auzitegi Konstituzionalaren erreforma azkarra gelditzeko.

Magdalena Valerio diputatu sozialista. Argazkia: Efe
Magdalena Valerio diputatu sozialista.
Magdalena Valerio diputatu sozialista. Argazkia: Efe

agnetziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko talde guztiek idatzi bat sinatu dute, eta bertan Jesus Posada Kongresuko presidenteari eskatu diote atzera egiteko eta PPk proposatutako Auzitegi Konstituzionalaren erreforma azkarra gelditzeko.

Magdalena Valerio diputatu sozialistak aurkeztu du PSOEk sustatutako idatzia, ia alderdi guztiek sinatu dutena: Geroa Bai, CDC, UDC, EAJ, UPyD, BNG, Compromis eta Coalicion Canaria.

Alderdi horiek atzo hartutako erabakian atzera egiteko eskatu diote Posadari. Izan ere, Kongresuko presidenteak bere kabuz kalifikatu zuen PPren lege proposamena, Kongresuko Mahaiaren esku utzi beharrean.

Valeriok azaldu duenez, Posadak Kongresuaren araudia urratu du, eta bere jarduera PPren "zerbitzura" jarri du: "Auzitegi Konstituzionalaren kontrako operazioan". Gainera, urgentziazko tramitazioa "demokraziaren, botere banaketaren eta botere legegilearen funtzionamenduaren kontrako eraso larria" dela salatu du.

Era berean, PPk eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak "bidegabekeria" hori gelditzen ez badute, eta erreforma onartuz gero, PSOEk Konstituzionalera jotzea aztertuko omen du.

Bixente Serrano Izko Geroa Baiko diputatuak erreforma kritikatu du, forman eta mamian. Serranoren ustez, erreforma "lardaskeria hutsa" da, eta "PPren jarrera autoritarioa eta agintzailea" salatu du.

Geroa Baiko diputatuaren hitzetan, "PP Estatuko mekanismo guztiak bere zerbitzura jarri ditu alderdiaren onurarako, gehiengo absolutuaz baliatuz, lotsagabekeria ukitu arte".

PPk 'amorrualditzat' jo du helegitea

Bere aldetik, PPk Jesus Posada Diputatuen Kongresuko presidentea defendatu du, Auzitegi Konstituzionaleko erreforma modu arinean bideratzeko eskumena duela esanez.

Pedro Gomez PPko Kongresuko Konstituzio Batzordeko bozeramailearen ustez, Posadaren aurkako oposizioaren helegitea 'amorrualdi' bat da, eta ekintzaren premia justifikatu du legealdia bukatu aurretik 'denbora urria' dagoela argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Alderdi Sozialista PP Pedro Sánchez bideoak Kataluniako Hauteskundeak gaur