Politika -
Ikerketa
Ertzaintzak gizon bat inputatu du Bilboko eraso faxistarekin lotuta
Bizilagunek eta adingabearen senideek biktimak identifikatu zuen gizona atxilotzea eskatu diote Ertzaintzari. Bilboko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak lehenbailehen argitzeko eskatu du.
agentziak | erredakzioa
Ertzaintzak gizonezko bat inputatu du Bilboko eraso faxistarekin lotuta, gazteak berak identifikatu baitzuen "erasotzaileetako bat" zelakoan.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak prentsa ohar batean azaldu duenez, "inputazioa gaztearen salaketaren ondorio zuzena da", "erasotzaileetako bat" orain inputatu duten gizonezkoa zela esan baitzuen.
Segurtasun Sailaren arabera, inputazioa inputazio, "ikerketak aurrera jarraitzen du, eta hainbat frogaren zain daude, gertatutakoa argitzeko asmoz".Beltran de Herediak zuzentzen duen Sailak EiTBri argitu dionez, "egoera horrek ez du zertan inputazio judiziala ekarri", erabaki hori gertatutakoa ikertuko duen Epaitegiak hartu beharko duelako.
Salatzailearen arabera, erasoa abuztuaren 28ko goizean gertatu zen, Arangoitiko etxera itzultzen ari zenean. Orduan, hiru gizonezkok ustez eraso egin omen zioten, besoan ebakiak eginda.
Hala eta guztiz ere, Ertzaintzaren ustez, baliteke gezurrezkoa izatea Bilboko eraso faxistaren salaketa.
EH Bilduren, Udalberriren eta Bilbo Irabaziz Bilboko udal taldeek bozeramaileen batzordearen bilera eskatu zuten erasoa salatzeko, baina EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal-gobernuak erabaki zuen hobe zela Ertzaintzaren txostenen zain geratzea, neurriak hartu aurretik.
Senideek eta bizilagunek atxilotzea eskatu dute
Arangoitiko bizilagunen hainbat elkartek eta ustez erasoa jasan zuen adingabearen senideek biktimak identifikatu zuen gizona atxilotzea eskatu diote Ertzaintzari, aipatutako auzoko bizilagunen elkarteek ohar baten bidez zabaldu dutenez.
Oharrean agertzen denaren arabera, elkarteen ordezkariak gaztearen familiarekin bildu dira eta "aurreko ostiralean talde ultra batek egindako erasoa" gaitzetsi du; era berean, "kezka" adierazi dute "Ertzaintzak eta Udalak erakutsitako pasibotasunagatik".
"Bizilagunok suminduta gaude egunero ustezko erasotzailearekin topo egin behar dugulako, biktimari gertatu zaion moduan; ondorioz, gaztea estresatuta bizi da eta senideek lagunduta ibili behar du, berriz ere eraso ez diezaioten", salatu dute.
Gainera, Bilboko Udala eta gobernu-taldea jendaurrean "ultraeskuindar talde horrek egindako gertakari horien kontra" ager daitezela eta Poliziari "legea zorroztasunez aplikatzeko, talde horiek hautsitako bizikidetza berrezartzeko" eskatu diete.
Bestalde, Bihotzaran Arangoitiko Bizilagunen Elkarteak baieztatu egin du ustezko erasotzaileak Caritasen Lagun Artean Elkartean lan egiten duela; hori dela eta, neurriak hartzea eskatu dute "horren moduko moraltasuna duten pertsonek hezitzaile sozialen lanak egin ez ditzaten".
Bozeramaleen Batzordea bilduta, gaia aztertzeko
Bilboko Udalaren Bozeramaileen Batzordea bildu egin da gaur, asteazkena, eta adierazpen bateratua zabaldu du, erasoaren inguruan. Adierazpenean, Bilboko Udalak "gaitzespenik indartsuena" berretsi du berriz ere "Bilboko gizartearen aurrean, ideologiagatik, arrazagatik, sexuagatik edota sinesmen erlijiosoagatik nahiz izaera faxista edo totalitarioagatik banakako nahiz taldekako giza-eskubideen aurka gerta daitezkeen indarkeria edo laido guztien aurrean".
Hedabideei bidalitako ohar batean adierazi dutenez, "Bilboko Udalak era aktiboan parte hartzen jarraituko du, orain arte bezala, indarkeriaren zentzugabeko gaitz larri hau gaitzesteko deitzen diren ekitaldietan, eta gizarteari dei egin dio ekitaldi horietan parte har dezan".
Gainera, Udalak "herritarren bakebidezko bizikidetasuna zaintzeko deia" egin du eta "familiaren esanetara jarri da adingabekoaren interesak babesteko".
Halaber, gertatutakoa lehenbailehen eta oso-osorik argitzea eskatu du Udalak, Poliziaren zein Epaitegien aldetik, "eta haienganako errespetua eskatu du, lana zorroztasunez eta profesionaltasunez egin ahal dezaten".
Bestalde, Bilboko EH Bildu eta Udalberri taldeek prentsaoharra bidali dute, Bozeramaleen Batzordeekin bilera bukatu eta gero. Bertan, salatu egin dute udalbatzak onartutako adierazpena ez dela nahikoa eta "berandu" egin dutela, erasoa izan zenetik bost egun igaro diren honetan. Gainera, oharrean "Arangoitiko auzoaren jarrera eredugarria izan dela" adierazi dute.