Politika -
Gernikako Juntetxea
Urkulluk Espainiako erregea Gernikara gonbidatzea nahi du Bizkaiko PPk
Bizkaiko 'popularrek' ekimen bat aurkeztuko dute Bizkaiko Batzar Nagusietan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Alderdi Popularrak ekimen bat aurkeztuko du Batzar Nagusietan, lehendakariak Felipe VI.a erregea Gernikako Juntetxera gonbidatzea eskatzeko. Erregearen bisitak bultzada emango lioke Gernikako Estatutuari, PPren esanetan.
Javier Ruiz Bizkaiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eskaini du gaur, Batzar Nagusietan aurkeztuko duten ekimenari buruzko xehetasunak emateko.
Ekimen horren berri emateaz gain, gonbidapena erregeari Iñigo Urkullu lehendakariak egin diezaiola proposatu du PPk.
"Erregea Gernikara etortzea nahi dugu historikoki han egin direlako foruen zina egiteko ekitaldiak, Estatutuak haren izena daramalako, lehendakariek han egiten dutelako karguaren zina, eta Gernikak foraltasuna eta autonomia sinbiosia sinbolizatzen duelako", azpimarratu du.
Horren esanetan, ETAk behin betiko jarduera armatuari amaiera eman ostean irekitako "garai berria" esparru guztietara zabaldu behar da, eta "iraganeko jarrerak eta irudiak atzean utzi behar dira". Hala, gogora ekarri ditu 1981ean Juan Carlos erregeak Gernikako Juntetxea lehen aldiz bisitatu zuenean izandako istiluak.
"Erregearen presentzia normaltasunez ikusi behar da garai berri honetan", gaineratu du.