Politika -
Kurtso politiko berria
Krisiaren kontrako borrokan zentratzeko eskatu dio Mendiak Urkulluri
'Adiskidetzeari edo estatus berriari' buruzko planetan ez denborarik galtzeko eskatu dio PSE-EEko idazkari nagusiak lehendakariari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legegintzaldiaren azken urtean, arreta handiena krisiaren kontrako borrokan eta enplegua sortzeko lanetan jartzeko eta 'adiskidetzeari edo estatus berriari' buruzko planetan denborarik ez galtzeko eskatu dio PSE-EEk lehendakariari.
Hala iragarri du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, atzo PSE-EEko zuzendaritzak uda ostean egin zuen lehen bileraren berri emateko egin duen agerraldian. Horren esanetan, irailaren 24an Eusko Legebiltzarrean izango den politika orokorreko osoko bilkura eta hauteskunde orokorrak izan zituzten hizpide.
Mendiak azaldu duenez, sozialisten jarrera oso argia izango da hilaren 24ko osoko bilkuran: "Urkullu lehendakariak legegintzaldiko lehen urtea galdu zuen eta ez dugu azken urtea ere galtzerik nahi. Ez dadila adiskidetzeari edota estatus berriari buruzko planetan galdu; izan ere, herritar gehienek ez dute ulertzen eta, are gehiago, ez dute lehentasun gisa ikusten, Urkulluren gobernuak egindako ikerketa batek frogatu bezala. Euskadik beste lehentasun batzuk ditu. EAEko herritarrek beste behar batzuk dituzte". Hori dela eta, "legegintzaldiko azken urtea krisiaren biktimak babesteko, kalitatezko enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko baliatzea eskatuko diogu", gaineratu du.
PSE-EEko buruak nabarmendu du legealdi guztia daramatela gizarte gaiak Euskadiko agenda politikoaren erdigunean jartzen, eta horrela jarraituko dutela erakundeek herritarren premia nagusiei erantzun diezaieten: langabezia, babes soziala eta zerbitzu publikoen defentsa eta modernizazioa.
Bestalde, Mendiak nabarmendu du lurralde eztabaidaren gaia ere jorratu nahi dutela, eta sozialistek estatu espainiarraren erreforma federala proposatu dutela gogoratu du. Ildo horretan, Estatutuaren erreforma Espainiako Konstituzioaren erreformara egokitu behar dela uste dute sozialistek. Are gehiago, abian jartzen duen edozein erreformak legearen barruan egon beharko duela ohartarazi dio Iñigo Urkulluri, eta, hori horrela bada, sozialistek berarekin bat egingo dutela nabarmendu du.