Politika -
Kurtsoaren hasiera
LABek eztabaida independentista 'itotzea' leporatu dio EAJri
"Espainiatik alde egitea erabaki dugunok markatuko dugu kurtso politikoa, eta EAJk ateak itxi nahi dizkio haize independentistari, eztabaida itota", sindikatuak salatu duenez.
agentziak | erredakzioa
LAB sindikatuak "haize fresko independentistari ateak ixtea" eta "eztabaida itotzea" leporatu dio EAJri.
LABen asanblada orokorrarekin eman diote hasiera kurtso politikoari, eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman du Donostian, "Burujabetza erabakitzeko. Burujabetza eraldatzeko" izeneko adierazpenaren berri emateko.
Testuan, sindikatu abertzaleak dio "haize gogor eta ur mugituen garaia" dela oraingoa, eta "independentismoa eztabaidaren erdigunean kokatu" dela.
"Espainiatik alde egitea erabaki dugunok markatuko dugu kurtso politikoa, eta EAJk ateak itxi nahi dizkio haize independentistari, eztabaida itota", sindikatuak salatu duenez. Hala, "burujabetza prozesua ez defendatzeko arrazoi bakarra aldaketa soziala nahi ez izatea" dela azpimarratu du.
LABek aitortu du independentziak "berez" ez duela "dena konponduko", baina independentziarik gabe "inolako aldaketarik ez" dela izango eta hazkunde ekonomikoak arazoa ez duela konponduko uste du.
"Ez dugu arazo ekonomikoa, politikoa baizik. Euskal Herrian aberastasuna nahikoa da. Kontua da nola banatzen den eta, bereziki, nork erabakitzen duen", gaineratu du Etxaidek.