Politika -
Radio Euskadiko tertulia
Eskumenen txostena estatutu berri baterako abiapuntua da, EAJren ustez
Bestalde, EH Bilduk adierazi du 'errelatoa inposatzeko' borroka bat bizi dela eta iraganak 'geldiarazi' egiten dituela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gernikako Estatutua osorik ez betetzeak dituen eragin ekonomikoen harira Eusko Jaurlaritzak egindako txostena Estatutu berri baterako eta "oinarri politiko berriak" ezartzeko abiapuntu izango da, EAJren esanetan.
Joseba Egibar EAJren GBBko presidentearen eta EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, aste honetan Urkulluren gobernuak ezagutzera eman duen txostenak "ez du ezer berririk plazaratu".
"Estatutu berri baterako, hots, etorkizuneko marko juridiko horretarako lanak abiatzerakoan, datu horiek garrantzitsuak dira herritarrek jakin dezaten zer nolako eragina duen Estatutua osorik ez betetzeak", defendatu du. Azaldu duenez, txostenak Kontzertu Ekonomikoaren egoera eta "ahultasun zantzuak dituela" islatzen du.
Bien bitartean, EH Bilduk uko egin dio Gernikako Estatutua betetzea eragotzi dutenekin Estatutu berri bat negoziatzea eta ohartarazi du "gurea dena berreskuratzeko garaia da eta, hortik aurrera, baliabideak kudeatzekoa". "30 urte baino gehiago igaro dira Gernikako Estatutua onartu zenetik eta, haren betetze-maila ikusita, hiritarrek ulertu dute garai historiko batean gaudela eta ezin dugula berriz ere itunik egin hori bete ez zutenekin", kritikatu du.
PSE-EEren iritziz, ordea, Eusko Jaurlaritzak egindako txostenaren arabera, Gernikako Estatutua betez gero Gobernuak izango lukeen diru kantitatea ez da egiazkoa. Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkidearen esanetan, haren alderdiak autogobernuarekiko konpromisoa du eta etorkizunean ere hala egongo da "baldin eta lege eta adostasun baldintzak badaude".
Bestalde, txostenak kudeaketaren "kalitateari" beharrean "kantitateari" erreparatzea salatu du PPk. "Eduki ditugun baliabideak ongi kudeatu ditugun ikusi behar dugu. Kudeaketaren kalitatea da garrantzitsuena eta ez kantitatea", adierazi du Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak. Gaineratu duenez, ezin da esan Espainiak "lapurtu" egiten gaituela eta gero hitzik esan ez hemen ditugun baliabideen kudeaketari buruz.
'Errelatoa inposatzeko' borroka salatu du EH Bilduk
EH Bilduk baieztatu duenez, gaur egun, "errelatoa inposatzeko" borroka bat bizi da eta ohartarazi du "iragana galga lanak" egiten ari dela Euskal Herrian gertatu zenaren "ikuspegi jakin bat" inposatzeko.
Ildo horretan, EAJk azaldu du posible dela autokritika egiteko denbora gehiago behar izatea.
PSE-EEk ohartarazi duenez, ez da aldaketarik izango Bake eta Elkarbizitza lantaldean adostutako zoru etikoan. Azkenik, Alderdi Popularrak adierazi du zaila izango dela aurrerapausoak ematea alderdiek "hizkuntza bera" hitz egiten ez badute.