Politika -
Katalunia
Independentziak 'corralito' arriskua ekarriko lukeela esan du Lindek
Nolanahi ere, hori gertatzea "oso zaila" dela gaineratu du Espainiako Bankuko gobernadoreak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Luis Maria Linde Espainiako Bankuko gobernadoreak ohartarazi du "corralito" arriskua egongo litzatekeela Katalunian, Espainiatik bereiziko balitz. Izan ere, horren esanetan, tentsio handiko testuinguruetan halakoak gerta daitezke, eta Grezia jarri du adibide gisa.
Nolanahi ere, hori gertatzea “oso zaila” dela gaineratu du.
Europa Press agentziak antolatutako gosari informatibo batean egin ditu adierazpenok Lindek, eta Katalunia Espainiatik bereiziko balitz, eurogunetik ateratzea "automatikoa" izango litzatekeela ohartarazi du. Ondorioz, lurraldeak ez lukeela EBZren finantziaziorik jasoko gaineratu du.
"Europar Batasunetik ateratzeak eurogunetik ateratzea ekarriko du automatikoki", adierazi du Lindek.
Hori horrela, Kataluniak finantziazioa bilatu nahiko balu, bankuen arteko merkatura jo lezakeela azaldu du gobernadoreak.
Katalunia independentea bideragarria izango ote litzatekeen galdetu diote kazetariek, eta hark erantzun du galdera hori ez dela “interesagarria”. Hori bai, Europan Katalunia baino txikiagoa diren hainbat estatu badaudela aitortu du.
Joan den astean banku handiek publikatutako agiriari dagokionez, "gauza zentzuzkoak eta logikoak" esan zituztela iritzi dio. Hain zuzen ere, Katalunia Espainiatik bereiziko balitz, lurralde horretatik alde egitea aztertuko luketela ohartarazi zuten.