Politika -
I-27
Kataluniatik alde egin lezaketela ohartarazi dute bankuek
Banku handiak Kataluniaren balizko independentziaren aurka agertu dira, egonkortasunarentzat "arriskutsua" izan daitekeelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bankuen sektoreko AEB eta CECA patronalak Kataluniako balizko independentziaren aurka agertu dira. Izan ere, erabaki hori egonkortasun ekonomikoarentzat "arriskutsua" izan litekeela eta ondorioz lurraldea Europar Batasunetik eta eurogunetik kanpo geratuko litzatekeela azpimarratu dute.
Bi erakundeek adierazpen bateratua kaleratu dute, hilaren 27ko hauteskundeei begira, eta Katalunia eurogunetik kanpo geratuko balitz, bertako finantza erakundeak "arazo larritan" egongo liratekeela eta "segurtasun juridikorik" izango ez luketela nabarmendu dute.
Hori horrela, Katalunia independente izango balitz, bankuek bertan jarraitzea "aztertuko" dutela ohartarazi dute. Horren ondorioz, kreditua "gutxitu eta garestitu" egingo litzatekeela gaineratu dute.
Horren ildotik, AEBren eta CECAren parte diren erakundeek (besteak beste, Caixabank, Banco Santander, BBVA, Bankia, Sabadell eta Popular) "ordena konstituzionala” mantentzearen alde egin dute.
"Beste modu batera, arriskuan egongo litzateke erakunde hauen helburu nagusia, hau da, bezeroak babestea eta sendien, enpresa ertainen eta txikien eta sektore emankorren finantziazioari eustea", aldarrikatu dute.
Aipatutako patronalek "eztabaidaren bitartez" erreformak sustatzeko deia egin diete buruzagi politikoei, "ongizate handiagoa eta gizarte kohesioa lortzeko".