Politika -
Lurralde Historikoen Legea
Eusko Legebiltzarrak zergen gainean erabaki ahal izatea nahi du PSEk
Lege-proposamena aurkeztu dute sozialistek Lurralde Historikoen Legea aldatzeko. Gasteizko Ganberak “zergen gainean erabakitzeko eskumenak izatea” proposatu du PSE-EEk.
Agentziak | Erredakzioa
Lurralde Historikoen Legea aldatzeko lege-proposamena aurkeztu du gaur PSE-EEk. Eusko Legebiltzarrak “zergen gainean erabakitzeko eskumenak izatea” nahi dute sozialistek, “finantza baliabideen banaketan parte hartzeko eta lurraldeen eskumen eta funtzio berriak arautzeko”.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman du Legebiltzarrean testua aurkezteko. 2013ko irailean EAJrekin adostutako akordioaren parte dela gogorarazi du Mendiak, baina Eusko Jaurlaritzaren “geldotasuna” ikusita, legealdia amaitu baino lehen “aurrera atera” nahi dutela azaldu du.
“Eztabaidari ekiteko ordua da, gure administrazio publikoen modernizazioan aurrera egiteko, eta Ganberan dagoen alderdi bakoitzak bere jarrera argi utzi behar du”, esan du buruzagi sozialistak.
Mendiaren ahotan, EAEko “erakundeen gardentasuna eta kalitate demokratikoa hobetu” nahi dute, “Euskadiren politika orokorra bideratzeko dagokion papera Eusko Legebiltzarrari itzuliz”.
Zergen gaineko eskumena
Horretarako, aldaketak proposatu dituzte sozialistek, Gasteizko Ganberak “Kontzertu Ekonomikoaren Legea iturburu dituen zerga-eskumenak hartzeko, finantza baliabideen banaketan parte hartzeko eta lurraldeen eskumen eta funtzio berriak arautzeko”.
“Laburbilduz, euskal herritar guztiei eragiten diena, zergetatik hasita, euskal herritar guztiak ordezkatzen gaituen tokian erabakitzea proposatzen dugu”, azpimarratu du PSE-EEko buruzagiak.