Politika -

Ostegun honetan hasiko da

Politika orokorreko eztabaidak hasiera emango dio urte politikoari

Kataluniako eta Espainiako hauteskundeek eta autogobernuari buruzko eztabaidak baldintzatuta abiatuko dute lan-urtea ostegun honetan, Eusko Legebiltzarrean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Politika orokorreko eztabaidak hasiera emango dio urte politikoari ostegun honetan, Eusko Legebiltzarrean. Kataluniako eta Espainiako hauteskundeek eta autogobernuari buruzko eztabaidak baldintzatuta abiatuko dute lan-urtea.

Ostegun honetako saioan, gainera, ETAko zuzendaritzan aurka egindako polizia operazioak ere zeresana emango du, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu duenez. "EH Bildu eta PP beste eskema batekin etorriko dira", iritzi dio.

Urte politikoaren lehen hilabeteetan, Kataluniako eta Espainiako hauteskundeek baldintzatuko dute giro politikoa.

Horren ildotik, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du bi hauteskunde deialdiek Estatuaren "errealitate juridiko-politikoan" eragina izan lezaketela, eta "Estatuaren eta Euskadiren arteko harremanetan aro berria" ireki lezaketela.

Alderdi politikoek ere euren jarrerak zehaztu dituzte lan-urte berriari begira. Hori horrela, EH Bilduk esan du 2016a "erabakitzeko eskubidea gauzatzeko urte giltzarria" izatea espero duela. Horregatik, Kontsulta Lege bat proposatuko du azaroan.

PSE-EEk "premiazko gaiei" heltzea eskatu dio Jaurlaritzari, eta gainerakoak adosten saiatzeko deia egin du. Izan ere, Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistaren esanetan, autogobernuari buruzko eztabaida “zorroztasunez eta Legearen arabera” egin behar da.

Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak iragarri duenez, Askatasunari eta Bizikidetzari buruzko lantalde bat sortzea proposatuko du, "ETA ez zela inoiz existitu behar" ideia oinarri hartuta.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearen aburuz, lehendakariak "lasaitasunez" hasi ahalko du urte politikoa, lana "ondo" egin duelako. Gainera, saioa autogobernuaz eta bakeaz hitz egiteko "aukera paregabea" izango dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ UPyD Eusko Legebiltzarra albisteak EAE albisteak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Euskadiko PP Eguneko albisteak