Politika -

Kontseilariaren adierazpenak

Nafarroak Estatuko Segurtasun Indarren kopurua murriztea eskatu du

Maria Jose Beaumont Barne kontseilariaren esanetan, "beharrezkoa" da agenteen kopurua "egokitzea". Aldi berean, disuasio-neurri gisa gomazko pilotak erabiltzea debekatuko duela gaineratu du.

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuaren Barne kontseilaria. Argazkia: Efe
Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuaren  Barne kontseilaria.
Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuaren Barne kontseilaria. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak esan du "beharrezkoa" dela polizien kopurua "egokitzea", "Foruzaingoak bere gain har ditzan erkidegoaren eskumenak, Estatuko Segurtasun Indarrek utzita".

"Estatuaren eskumenak mugatzeko akordioak egin behar ditugu lehenik eta behin", azpimarratu du Beaumontek.

"Eremu geografiko berean horrenbeste polizia egoteak, bakoitza bere komunikabideekin, lanerako protokolo desberdinekin eta alor berean jardunda, desordena eta eraginkortasunik eza" eragiten duela salatu du Beaumontek. Gainera, "biztanleko dagoen polizia kopurua neurriz kanpokoa" omen da "gure gizartearentzat, eta nabarmena da gainkostua".

Hori horrela, kontseilariak azpimarratu du "Foru Erkidegoan ohikoak direla polizien arteko bikoiztasunak eta hutsuneak".

Parlamentuan bildu duen batzordearen lehen bileran egin ditu adierazpen horiek Beaumontek, bere sailaren lan-ildoak azaltzeko egindako agerraldian.

Bestalde, udaltzainen eta foruzainen arteko lankidetza indartzearen alde egin du, horien eraginkortasuna areagotze aldera.

Gomazko pilotak erabiltzea debekatuko da

Horrez gain, Beaumontek gaineratu du "gertutasunezko benetako polizia" erdiesteko xedea duela, "elkarrizketarako joera irekia duena", "enpatikoagoa dena", "eraginkorra eta profesionala". Horrek guztiak esku-hartze unitateari disuasio-neurri gisa gomazko pilotak erabiltzeko baimena kentzea ekarriko du berekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan