Politika -
Politika orokorreko eztabaida
UPyDk 'koldarkeria' egotzi dio Urkulluri, Kataluniaren zain egotearren
Gorka Maneiro legebiltzarkideak uste du lehendakariak Espainiako Estatuaren "ahultasuna" aprobetxatu nahi duela independentzia lortzeko.
agentziak | erredakzioa
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak "koldarkeria politikoa" leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, Kataluaniko eta Espainiako hauteskundeetan gertatzen denaren zain, "ezkutatuta", egoteagatik, Euskadirentzat estatus politiko berri baten erreforma zehatza proposatu beharrean. Gainera, Maneirok ohartarazi du lehendakariak Espainiako Estatuaren "ahultasuna" aprobetxatu nahi duela independentzia lortzeko.
Maneirok Urkulluren hitzaldia kritikatu du Legebiltzarrean egiten ari diren politika orokorreko osoko bilkuran, autogobernuan sakontzeko apustua berretsi baitu.
UPyDren ordezkariak "gezurretan" aritzea eta "lotsarik gabe manipulatzea" egotzi dio Jaurlaritzari, aurreko astean aurkeztu zuen Gernikako Estatutuari buruzko txostenaren harira.
Legebiltzarkideak uste du ez dela zuzena Jaurlaritzak esan duena, eskumen batzuk jaso gabe edukitzeagatik 7.000 milioi euro gutxiago dituela, ez baitu aipatu eskatzen dituen eskumen horiek suposatzen duten gastua.
Maneiroren arabera, mezu horiek "Espainiak lapurtu egiten gaitu" mezu "faltsua"ri eusteko modua dira. "Errua besteena da; eta EAJ sekula ez da ezeren erruduna", gaitzetsi du.
Hala, "EAJren proiektu politikoa defendatzeko eta norberaren ardurak saihesteko" autogobernuari buruzko "gezur eta manipulazio andana" botatzea leporatu dio Urkulluri.