Politika -
Ostiralean Bilbon
Manifestazioa deitu dute Askapenaren aurkako epaiketa salatzeko
Herriak Libre ekimenak "esperpentikotzat” jo du Askapenako bost kideren aurkako auzibide judiziala. Epaiketa urriaren 19an hasiko da.
agentziak | erredakzioa
Herriak Libre ekimenak manifestazioa deitu ostiral honetarako, Bilbon, Askapenaren aurkako epaiketa salatzeko.
Ekimen hori osatzen duten erakunde eta elkarte ezberdinetako ordezkariek agerraldia egin dute Bilbon, manifestazioaren berri eman eta auziari buruz hitz egiteko.
Epaiketa urriaren 19an hasiko da Auzitegi Nazionalean. 2010ean, mugimendu internazionalistako bost kide atxilotu zituzten eta orain sei urteko kartzela-zigorra ezar diezaiekete, ETAri ustez laguntza ematea leporatuta.
Herriak Libre ekimenak gogor kritikatu du epaiketa: “Estatuaren estrategia zapaltzaileak eta kriminalak beste urrats bat gehiago eman du Askapenaren aurka prozesu esperpentikoa abian jarrita”.
“Askapenako bost kide kartzelako mehatxu egiteaz gain, mugimendu internazionalista, euskaldun eta herritar honen legez kanporatzea ere eskatzeko balentria izan dute”, erantsi dute.
Euskal Herriak “Estatu inperialista horren epaiketarik ez du onartuko, Estatu espainiarrak ez baitu zilegitasunik gu epaitzeko”, ohartarazi dute.
Horrez gain, Espainiak, NATOko kide den heinean, “miseria eta heriotza” esportatzen duela gogoratu dute. “Beste herrialde batzuei eraso egin die, eta bere baitako herrientzat nahiz bere mugaz gaindikoentzat kartzela bilakatu da, kolonizazioaren bidez edo, Sahararekin egin zuen moduan, herriak abandonatuz”, azaldu dute.
“Espainiak ez dauka inolako zilegitasunik gu epaitzeko eta gure lana zigortzeko; gure lana herriak soilik epaituko du”, nabarmendu dute.
Gauzak horrela, Askapenako bost kideren kontrako epaiketa salatzeko manifestazioa deitu dute Bilbon. Mobilizazioa Arriaga Antzokitik abiatuko da, ostiralean, 19:00etan.