Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Fernandez: 'ETAren amaierak ordenatua eta egiaztatua behar du izan'
2016ko lehen seihilekoan egun dagoen blokeo egoera "askatzeko aukera" egongo dela uste du Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak nabarmendu duenez, ETAren amaierak "ordenatua, egiaztatua eta azkarra" behar du izan, afera "behin betiko ixteko". Egun dagoen blokeo egoeraren harira, itxaropentsu agertu da Fernandez, eta 2016ko lehen seihilekoan "indarkeriaren amaiera oztopatzen" duten arazoak gainditzeko "aukera" izango delakoan.
Radio Euskadi-ri eskainitako elkarrizketa batean, Jorge Fernandez Espainiako Barne ministroak ETAren ustezko buruzagien atxiloketaren harira esandakoak hartu ditu ahotan Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak. Fernandezek orduko hartan adierazi zuenez, "ETA gidaririk ez duen mikrobus txiki batean sartzen da".
Fernandezen iritzian, "ETA existitzen da gaur gaurkoz, eta gure betebeharra da amaiera ordenatua eta egiaztatua izatea, gizartearentzat eta politikarentzat segurua behar du izan".
Dena dela, prozesu horretan "polizia operazioak ez dira nahikoa, indarkeriaren amaiera ordenatua helburu duen politika inteligente bat garatu behar da", munduko hainbat gatazkatan egin duten bezala.
Hori horrela, Fernandezen aburuz, "garrantzitsu da armagabetze ziurra egotea; ezin dira armak eta bestelako materialak kontrol barik geratu".
Horrez gain, "espetxe politika berri bat behar da, birgizarteratzea eta bizikidetza helburu", baita "bizikidetza printzipio berritzaile bat ahalbideratuko duen iraganaren gogoeta kritikoa ere".
2016ko lehen seihilekoa
Epe laburrera itxaropentsu agertu da Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia. Haren ustean, 2016ko lehen seihilekoan "indarkeriaren amaiera ordenatua blokeatzen duten arazoak konpontzeko aukera egon liteke, eta horretarako eginahalak egin behar ditugu". Fernandezen esanetan, armagabetzea, presoen auzia eta iraganaren ikuspegi kritikoa dira blokeatuta dauden gaiak.
Blokeoa aitortuta, "orain arte lortutako guztia" aintzat hartu behar dela uste du Fernandezek. "Bost urte daramatzagu atentatu barik, ez du ematen horretan atzera egingo dugunik", agertu du
Horrez gain, bizikidetza alorrean ere, "aurrerapauso itzelak" egin direla nabarmendu du.