Politika -

Autogobernua

Urkulluk elkarrizketaren aldeko apustua egin du egonkortasuna lortzeko

Lehendakariak azpimarratu du botere publikoek "konfiantza eta egonkortasuna" indartu behar dituztela "pisu elektoral eta politiko" handiko uneetan.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Efe
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak elkarrizketaren eta itun politikoaren alde egin du egonkortasun ekonomikoa lortze aldera, enpresen eta industrien lehiakortasun maila "baldintzatzen" duten faktoreak direla iritzita.

EAEko berrindustrializazioaren inguruan Expansion egunkariak antolatu duen ekitaldi batean azaldu duenez, botere publikoek "konfiantza eta egonkortasuna" indartu behar dituzte "pisu elektoral eta politiko" handiko uneetan.

"Elkarrizketa, negoziazioa eta adostasuna bultzatzen jarri behar dugu indarra", azpimarratu du. Gainera, "orain erronka nagusia trantsizioaren hasieran autogobernua indartzen eta gure herriaren instituzionalizazioa martxan jartzen lagundu zuen espiritua berreskuratzea da", adierazi du.

"Adostasunerako espazioak" sortzeko, baina, "erabaki demokratikoak errespetatu behar dira", zehaztu du, "aldebakarreko erabakiek eta itunak ez betetzeak tentsioa areagotzen baitute".

Industria 4.0

EAEko industriaren eta enpresen etorkizunari dagokionez, Urkulluk "tamaina" eta "digitalizazioa" aipatu ditu etorkizuneko erronka gisa. Hala, enpresen arteko "elkarlana" aldarrikatu du tamaina handitzeko.

Digitalizazioaren kasuan, "industria 4.0" deritzona aipatu du, industriaren laugarren iraultza; "industria tradizionala eta berrikuntza teknologikoen politika aurreratuenak uztartzea", alegia.

Euskal industria Barne Produktu Gordinaren % 23,6 dela gogorarazi du, eta sektorea "hazi eta egonkortu" egingo dela aurreikusi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu