Politika -

Euskadiko PP

Alfonso Alonso izango da Euskadiko PPren presidente berria

Alfonso Alonso Osasun ministro eta Arabako PPren presidentea izango da Euskadiko Alderdi Popularren presidente berria, Arantza Quirogak dimisioa eman eta gero.

Alfonso Alonso izango da Euskadiko PPren presidente berria

Agentziak | Erredkazioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Espainiako Osasun ministroa izango da PPren EAEko presidentea, Arantza Quirogaren lekua hartuta, Nerea Llanos alderdiaren idazkari nagusiak iragarri duenez.

PPko kideek bilera egin dute Eusko Legebiltzarrean eta hautagai horren izendapena "adostu" omen dute.

Alonsok eskerrak eman ditu eman dioten "konfiantzagatik" eta Quirogaren dimisioaren ostean akordioa horren "azkar" lortzeagatik.

Alonso bihar izendatuko du formalki PPren EAEko Zuzendaritza Batzordeak, baina dagoeneko esan du "ilusio handiz" hartuko duela kargua. Gainera, Nerea Llanosek krisiari "ausardiaz" erantzun izana txalotu, eta idazkari nagusi postuan utziko duela esan du.

Alonsoren hautua dagoeneko jakinarazi diote Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiari.

Ministroa eguerdia iritsi da Eusko Legebiltzarrera eta bi ordu geroago iragarri dute berak zuzenduko duela alderdia.

Erronka asko

Alonsok aitortu du egun "garrantzitsua" dela beretzat, eta orain "lanean hasteko, proiektua egonkortzeko eta elkarrekin egoteko" garaia dela. 'Popularrek' "aurrean erronka asko" dituztela esan du, baina "lehentasuna" abenduaren 20ko hauteskunde orokorrak direla.

"Alderdi honek batu egin behar du, eta proiektu nazionalari lagundu, Mariano Rajoy berriro Gobernuko presidente jartzeko", gaineratu du.

Era berean, "elkarrizketaren, adostasunaren, ulermenaren eta bizikidetzaren alde" egingo duen alderdi bat nahi duela esan du, baina beti PPren ibilbidea "defendatuz". "Ulermena eta elkarrizketa bilatuko dugu beste alderdi politiko batzuekin, ekarpen positiboak egite aldera", azaldu du PPren EAEko presidente berriak.

EAEko PPn "konfiantza, proiektua eta lana" daudela azpimarratu du Alonsok, eta alderdia "indartsuago" egiteko eta "iritzi guztiak barne hartzeko" inplikatuko dela.

Ministro karguari eutsiko dio

PPren EAEko presidente berriak Osasun ministro karguari eutsiko dio, Jose Manuel Soria Industria ministroak egiten duen bezalaxe, Kanarietako PPren buru baita. Hala eta guztiz ere, ez da PPren Arabako presidente izango, eta oraindik ez du jakinarazi nork hartuko duen kargu hori.

Alonsok EAEko PPn dauden "aktiboak" goraipatu ditu, tartean Javier Maroto Gasteizko alkate ohia eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohia, "benetako erreferentzia" direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Arantza Quiroga bideoak Euskadiko PP berriak Alfonso Alonso bideoak