Politika -

Elkarrizketa Radio Vitorian

De Andres: 'Erabaki adostua izan da Alonso presidente aukeratzea'

EAEko PPren idazkari nagusiordeak ukatu egin du PPko lurraldeen artean desadostasunik dagoela. Horren ustez, Lehendakaritzarako hautagai ona litzateke Alonso.

Arratsaldean ordezkatuko du Alfonso Alonsok Quiroga presidente karguan

1:00

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier De Andres EAEko PPren idazkari nagusiordeak adierazi duenez, Alfonso Alonso alderdiko presidente aukeratzea "erabaki adostua" izan da.

Radio Vitorian egin dioten elkarrizketa batean, alderdi barruan lurraldeen artean desadostasunik ez dagoela azpimarratu du De Andresek, eta harreman ona dutela erantsi du. Alfonso Alonsoren proposamena Arabatik egin zutela eta gainerako kideek ondo hartu zutela argitu du buruzagi 'popularrak'.

De Andresen hitzetan, Euskadiko PP gidatzeko "pertsona egokia" da Alonso. "Behin-behinekoa gehien irauten duena da batzuetan. Irtenbide azkar bat bilatzen da askotan, eta hori izaten da egokiena", azaldu du alderdiak erabakia hartzeko behar izan duen denbora urriari erreferentzia eginda. Quirogak dimisioa eman eta 24 ordu eskasetara aukeratu zuten ordezkoa.

De Andresen aburuz, EAEko PPko presidente "egokia" ez ezik, Lehendakaritzarako hautagai ona litzateke Alonso, baina hori alderdiak erabaki beharko duela nabarmendu du. Ez du zalantzan jarri, dena den, Osasun ministroa izango dela Arabak Kongresurako hautatuko duen zerrendaburua.

Bizikidetza alorrean, "betiko balioak" defendatzearen alde egin du De Andresek, eta "gaitzespen" hitza "nahitaezkoa" dela azpimarratu du. Baliteke hauteskunde orokorren ondotik PPk horren inguruko proposamen bat egitea, De Andresen hitzetan; izan ere, "gai hau ezin du Hasier Arraizek gidatu".

EAEko PPko zuzendaritzak arratsaldean izendatuko du Alonso presidente.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadiko PP berriak Javier de Andres gaur