Politika -

Ondarearen aitorpena

Barkosek 9.000 euro ditu bankuan, eta 2.000 euroko zorra

Nafarroako presidenteak 69.354 euroko soldata du, Fernando Dominguez Osasun sailburuak duena baino txikiagoa (86.000 euro).

Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: Efe
Uxue Barkos Nafarroako presidentea.
Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak duen ondarea argitaratu dute Interneten, eta 9.493 euro omen ditu bankuan, 29.000 euro pentsio planetan, eta 2.000 euroko zorra.

Barkosek 69.354 euroko soldata du urtean presidente izateagatik, hainbat kontseilarik baino txikiagoa, eta auto bat du. Bere deklarazioan ez da etxebizitzarik ageri.

Fernando Dominguez Osasun kontseilariak du soldata handiena, 86.634 eurokoa. Bi etxebizitza, bi aparkaleku, trasteleku bat, bulegoak, lurzorua eta auto bat ditu. Era berean, 24.486 euro ditu bankuan, 27.494 funtsetan, 23.622 pentsio planetan eta 39.000 bizitza aseguruan. Gainera, 33.498 euroko zorra du hipoteka batean.

Horren atzetik, Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak 77.136 euroko soldata du, bi etxebizitza eta hiru auto ditu, 104.034 euro kontu korronteetan eta 243.378 euro pentsio planetan. Ez du zorrik deklaratu.

Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak 73.588 euroko soldata du. Era berean, etxebizitza bat, igerileku bat, auto bat ditu; 223.583 euro ditu deposituetan; 63.137 euro, inbertsio funtsetan; eta 150.000 euro, pentsio planetan. 69.000 euro inguruko zorra du, hipoteka batengatik eta mailegu batengatik.

Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilariak 72.315 euroko soldata deklaratu du. Gainera, bi etxebizitza, auto bat, 11.000 euro bankuan, eta 36.874 euroko zorra ditu.

Gobernuaren bozeramaileak, Ana Ollok, 72.315 euroko soldata du, eta deklarazioan bi etxebizitza, lorategi bat, soto bat, garaje bat, auto bat eta 18.486 euro ageri dira, 101.000 euroko zor hipotekarioarekin batera.

Bestalde, Manu Ayerdi presidenteorde eta Ekonomia Garapenerako kontseilariak 64.543 euroko soldata du. Horrez gain, hiru etxebizitza, 360.000 euro bankuan, 114.000 euro akzioetan, 109.000 pentsio planetan, eta auto bat ditu. Zorrei dagokienez, 180.000 eurokoa du hipoteka batengatik.

Antzeko soldata du (baina 5.000 euro gehitu behar zaizkio UPNAko antzinatasunagatik) Miguel Laparra presidenteorde eta Gizarte Eskubideetako kontseilariak. Etxebizitza bat, bi soldata, 8.849 euro bankuan, 35.300 euro pentsio planetan eta auto bat ditu. 73.000 euroko zorra du mailegu batengatik eta bi hipotekengatik.

Isabel Elizalde Nekazaritza, Ingurugiro eta Lurralde Administrazioko kontseilariak ere presidenteordeen pareko soldata du. Etxe bat, etxebizitza bat, lau ibilgailu eta motor klasiko bilduma bat ere deklaratu ditu. 2.810 euro ditu bankuan, 2.450 akzioetan, eta 92.000 eurotik gorako zorra du maileguetan.

Azkenik, Maria Jose Beaumont Barne, Justizia, Funtzio Publiko eta Presidentzia kontseilariak antzeko soldata deklaratu du, eta bi bulego, etxe bat, auto bat, 33.000 euro kontu korrontean, 88.000 deposituetan eta 53.000 euro pentsio planetan. Ez du zorrik deklaratu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroako albisteak Uxue Barkos argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak Gutxieneko soldata