Politika -
Preso gaixoak
Ibon Iparragirre presoa askatzearen aurka egin du Auzitegi Nazionalak
Ondarruko presoaren senideek egoera oso larrian dagoela ohartarazi dute: "Ez badugu espetxetik ateratzen, bertan akabatuko dute".
EITB.EUS
Auzitegi Nazionala larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre presoa aske uztearen kontra agertu da, Europa Press agentziak Zigor-arloko salaren ebazpena aipatuta jakinarazi duenez.
Madrileko Navalcarnero espetxetik Zaballara eraman dute Iparragirre, asteartean epaiketa batean deklaratu behar duelako. Asteburu honetan bisitan izan diren senideek haren egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute.
“Ezin zen zutik egon; kartzelatik ateratzen ez badugu, bertan akabatuko dute”, azpimarratu dute Gara egunkariari egindako adierazpenetan.
Joan den ostiralean, Iñigo Urkullu lehendakaria Iparragirre “arrazoi humanitarioengatik” aske uztearen alde egin zuen eta Jaurlaritza presoaren “egoera hobetzeko” lanean ari zela iragarri zuen.
EH Bilduk presoari buruz Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez egin zituen adierazpenok lehendakariak.
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu zuen Iparragirrek, espetxean egonda, bere gaixotasunak eskatzen duen tratamendua jasotzeko oztopoak dituela. “Ezin da kartzelan egon; bere gaitzarekin bateraezina da hori”, erantsi zuen.