Politika -
PDE-ren kontseilu politikoa
EAJ: 'Politika zaharrak eta berriak ez dute erantzunik Euskadirentzat
Hurrengo legegintzaldian gehiengo osorik ez egotea espero duela esan du Andoni Ortuzarrek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak adierazi duenez, “tamalez, Espainiako alderdi zaharrak eta berriak ez dira argitzen euskal herritarrok eta kataluniarrak Estatuaren eta Europaren barruan nolakoak izan behar garen erabakitzeko”. “Politikagintza zaharrak eta berriak ez dute erantzunik ezta proposamenik ere Kataluniarentzat eta Euskadirentzat”, deitoratu du.
Horregatik, hurrengo legegintzaldian gehiengo osorik ez egotea espero duela esan du, “demokrazia suspertzeko eta Espainiako Estatuan nazio gehiago daudela onartzeko prozesu bat egon dadin”.
Ortuzar Munichen (Alemania) izan da gaur, Europako Alderdi Demokrataren (PDE) Kontseilu Politikoan.
Bertan, buruzagi jeltzaleak Euskadiko eta Estatuko egoera politikoak aztertu ditu. EAEri dagokionez, EAJ “indartsu” dagoela txalotu du, eta ETAren indarkeriaren amaierak lau urte bete dituela gogorarazi du. Nolanahi ere, adiskidetzea eta normalizazioa ez direla oraindik “behin betiko errotu” aitortu du.
Espainiako Estatuari dagokionez, Ortuzarrek nabarmendu du hauteskunde orokorrak “zalantza bete” datozela, baina “garrantzitsuak” izango direla. “Atzo, Parlamentuan, legegintzaldiaren azken saioan, oposizio osoak eraso bortitzak egin zizkion Mariano Rajoyren jardunari, gehiengo osoaz abusatu baitu”, erantsi du.