Politika -
Abenduaren 20an
Hauteskundeak deitu dituzte Gipuzkoako eta Nafarroako 25 herritan
Bozak abenduaren 20 egingo dituzte, hauteskunde orokorrak bezala, gastuak aurrezteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak hauteskunde partzialak deitu ditu Gipuzkoako eta Nafarroako 25 udalerritan.
Bozak abenduaren 20an egingo dituzte, hauteskunde orokorren egunean, gastuak aurrezteko.
Hain zuzen ere, Baliarrainen (Gipuzkoa) eta Nafarroako 24 herri hauetan: Garde, Garralde, Izaizu, Oroz Betelu, Sarries, Urzainqui, Uztarroz, Valcarlos, Vidangoz, Villanueva de Aezcoa, Abaigar, Armañanzas, Bargota, Dicastillo, Larraona, Lezaun, Mirafuentes, Oco, Anue, Araitz, Eneritz, Igantzi, Lantz eta Muruzabal.
Udal hauteskundeak, berez, maiatzaren 24an egin bazituzten ere, hainbat herritan ez zen zerrenda bat ere ez aurkeztu. Horregatik egingo dituzte abenduaren 20an.
Adibidez, Baliarrainen (140 biztanle ditu eta Tolosaldean dago), Martzelino Dorronsoro izan da alkatea azken 20 urteetan, baina herritarrek eurek adostutako zerrenda bakar bateko burua izanda.
Nolanahi ere, bost legegintzaldiren ostean, kargua utzi nahi izan du Dorronsorok, eta herritarrek ez zuten lortu ordezko bat. Horregatik, maiatzaren 24an ez zituzten egin hauteskundeak.
Orain, beste saiakera bat egin beharko dute hurrengo alkatea adosteko. Lortu ezean, Aldundiaren batzorde kudeatzaile batek gobernatuko du herria.
Abenduaren 20ko udal hauteskundeen kanpaina abenduaren 4an hasiko da, eta 18an bukatu.