Politika -
Nafarroa-Akitania
Barkosek ez du 'zailtasunik' ikusten Nafarroa euroeskualdean sartzeko
Nafarroako Gobernuak Euskadi-Akitania euroeskualdearekin berriz bat egitea eskatzea erabaki du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uxue Barkos eta Alain Rousset Nafarroako eta Akitaniako presidenteek bilera egin dute gaur Bertizeko Jaurerriaren Jauregian.
Horren ostean, Nafarroa Euskadi-Akitania euroeskualdean sartzeko zailtasunik egongo ez dela adierazi du foru erkidegoaren buruak.
Nafarroako Gobernuak Euskadi-Akitania euroeskualdearekin berriz bat egitea eskatzea erabaki du. Foru erkidegoa euroeskualde horren sortzaileetako bat izan zen 1992an, eta horren partaide izan zen 2000 urtea arte.
Bat eginik, hiru lurraldeen arteko kohesio ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzeko proiektuak abiatu nahi dituzte, "Europako toki garrantzitsu batean lankidetzarako espazio handi bat sortuta".
Bestalde, Roussetek 9 milioi biztanle baino gehiago dituzten euroeskualdeen elkarte bat sortzearen alde egin du, eta Nafarroarekin hainbat proiektu komun dituztela nabarmendu du, azpiegituren, zirkulazioaren eta energia berriztagarrien sektoreetan. Halaber, gaztelania eta frantsesa sustatzea eskatu du: "ingelesa ezin da izan gauza guztien erdigunea".
Nafarroak eta Akitaniak beste hainbat arlotan izango dute lankidetza, hala nola osasunean, automobilgintzan eta nekazaritzan.