Politika -
Iruñea
Polemikaz inguratuta estreinatu dute Poliziaren omenezko erakusketa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak inauguratu du ETAk hildako polizien oroimenerako erakusketa. Espainiako Poliziaren biktimek, berriz, euren kontrako “iraina” dela salatu dute.
agentziak | erredakzioa
'Askatasunaren Garaipena: Espainiako Polizia terrorismoaren aurka' izeneko erakusketa polemikoa ireki dute arratsalde honetan Iruñean, Ziudadelako Armen Aretoan. ETAk hildako 186 polizia omentzeko asmoz egin dute erakusketa.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak egin du inaugurazioa, eta ekitaldian hainbat agintari politiko izan dira, hala nola, Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren bozeramailea, Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria eta Geroa Bai, UPN, PSN eta PPN alderdietako ordezkariak. Joaquin Galve Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea ere bertan izan da.
Espainiako Poliziak ETAren aurka egindako borroka goraipatu du Fernandez Diazek. “Euren bokazioa erabakigarria izan da askatasuna garaile izateko”, nabarmendu du.
Erakusketa honen inguruan sortutako polemika ere izan du hizpide eta Iruñeko Udalak izandako jarrerari aipu zuzena egin dio. Udalak erakusketa egiteko baimenik ez zuen eman, baina epaitegi batek erabaki hori baliogabetu zuen.
“Beste behin ere Justizia eta Zuzenbide Estatua arrazoi ezaren aurrean gailendu dira; tristea da gure segurtasuna eta askatasuna bermatzeagatik terrorismoaren biktima bilakatu ziren 186 poliziei gure esker ona adieraztea oztopatzen saiatu izana”, deitoratu du.
Aipatu erakusketak gaurtik azaroaren 1a arte izango da ikusgai Iruñean.
Erakusketa iraingarria, Poliziaren biktimentzat
Bestalde, Espainiako Poliziaren zenbait biktima Javier Eneriz Nafarroako arartekoarekin bildu dira goizean, eta erakusketa bertan behera uzteko eskatu diote.
Polizia batek tiroz hil zuen Angel Berroetaren alabak, Angelak, adierazpen bat irakurri du erakusketaren aurka eta haserre daudela erakusteko.
“Erakusketa gure kontrako iraina da, eta Poliziaren indarkeria sufritu dugun heinean, gure oinazean zirikatzen ari dira; eremu publikoetan horrelako erakusketak egiteko baimenik ez ematea eskatzen dugu”, azaldu du.
“Biolentzia hori ez da kasualitatezkoa, helburu politikoak dituen Estatu-estrategia baten ondorioa da eta hori babestera etorri da Espainiako Barne ministroa Iruñera”, erantsi du Berroetak.
“Indarkeria poliziaren apologia egiteko hiriburu bilakatu nahi dute Iruñea, baina guk egia, errekonozimendua eta justizia nahi ditugu eta bakea indarkeriaren goratzerik gabe eraiki nahi dugu, dagozkigun eskubideetan oinarritutako bakea nahi dugu”, nabarmendu du.
“Ezin dugu onartu indarkeria polizialaren apologia egitea, eta are gutxiago eraikin publiko batean”, gaineratu du.
Begoña Castillok bere anaia Mikelen hilketa ekarri du gogora. “Bizkarretik tiro eginda hil zuen Espainiako polizia batek eta nire anaia hil eta hamabost egunetara domina eman zioten polizia horri”, salatu du.
Mikel Iribarrenek bere kasua azaldu du: “17 urte nituela, Espainiako polizia batek hainbat ostikada eman zizkidan lurrean nengoela; ni ez al naiz indarkeriaren biktima?”, galdetu du.
German Rodriguez tiroz hil zuten 1978ko sanferminetan. “Erakusketa hori iraingarria da, ez dute eskubiderik horrelakorik Iruñean egiteko”, kritikatu du Ferminek bere anaiaren hilketa gogoratuz.
Carlos Ochoak, berriz, Jose Luis Canoren hilketa argitzen saiatzen ari direla kontatu du. “Amnistia legea ezarrita zegoela polizia batek hil zuen; agerikoa da ez direla kasu bakanak, sistematikoki gertatutako hilketa dira”, erantsi du.
Aingeru Zudairek ikusmena galdu du begi batean, duela hiru urte Polizia batek 14 metrotatik pilotakada bat eman ostean. “Ez ninduten hil, baina gertatu zitekeen, Iñigo Cabacasekin gertatu zen moduan”, azpimarratu du.