Politika -
Mehatxuzko gutuna
Bi atxiloketa, PPri Estatu Islamikoaren izenean mehatxu egitegatik
Atxilotutako bi gizonezkoek gutuna bidali zioten Alderdi Popularrari, besteak beste, Mariano Rajoyri mehatxu eginez eta Madrilen eta Bartzelonan lehergailuak jarri zituztela ohartaraziz.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Poliziak bi gizonezko atxilotu ditu, Estatu Islamikoaren izenean Alderdi Popularrari mehatxuzko gutuna bidaltzeagatik. Idatzian, hainbat agintari mehatxatzen dituzte, tartean, Mariano Rajoy, eta Madrilen eta Bartzelonan lehergailuak jarri zituztela ohartarazten dute, EFE agentziak ikerketaren iturriak aipatuz zabaldu duenez.
Gutuna Alderdi Popularrak Madrilen duen egoitza nagusia igorri zuten, Esperanza Agirreren izenean.
Aipatzekoa da atxilotutako lagunak bi preso direla, 43 urteko italiar bat eta espainiar naziotasuna duen marokoar bat.
Gutuna Segoviako espetxean idatzi zuten, arabiarrez eta gazteleraz. Atxiloketak presondegi horretan eta Puerto de Santa Mariako (Kadiz) kartzelan egin dituzte, helburu terroristak dituzten mehatxuak egitea leporatuta.