Politika -
Ziudadelan
Poliziaren erakusketaren kontrako protesta bat debekatu dute Iruñean
Ostiralerako kontzentrazioa deitua zuten Ziudadelaren atarian. Debekuaren ondotik, kontzentrazioa Orreaga etorbidean egitea eskatu dute antolatzaileek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak debekatu egin du ostiralean Iruñeko Ziudadelaren atarian egitekoa zen kontzentrazioa, hain zuzen ere, 'Askatasunaren Garaipena: Espainiako Polizia terrorismoaren aurka' izenburupean ETAk hildako 186 polizia omentzeko Ziudadelako Armen Aretoan ikusgai dagoen erakusketaren kontra egitekoa zen protesta ekitaldia.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak EFEri azaldu dioenez, "ordena publikoari" dagozkien arrazoiengatik hartu da erabakia. Albaren esanetan, ordena publikoa "asaldatzeko" arriskua zegoen.
Halaber, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak azpimarratu du "sekula" ez direla gisa horretako ekitaldiak egin esparru horretan, eta Iruñeko Udalak zenbait jarduera egitea debekatzen duela toki horretan.
Behin erabakia hartuta, ostiralerako kontzentrazioa Orreaga etorbidean egitea eskatu dute antolatzaileek, German Rodriguez oroitzeko hilarriaren alboan. Bigarren eskari hori onartu du Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak.
Bestalde, deitzaileek uste dute polizia indarkeriaren biktimei "iseka" egitea dela "polizia indarkeriaren apologia egiten duen erakusketa baten aurrean" Ziudadela erabiltzea debekatzea.
Hori dela eta, biharko kontzentrazioa deitu dute Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren aurrean gertaera horiek salatzeko, eta bertan parte hartuko duten polizia indarkeriaren hainbat biktimak.