Politika -
Mehatxuak Uxue Barkosi
Nafarroako Gobernuak Jaime Ignacio del Burgoren semea salatu du
Foru Gobernuak Nafarroako presidente izandakoari auto ofiziala eta eskolta kentzen zizkiola jakin zuenean, Del Burgoren semeak posta elektronikoz mehatxu egin zion Barkosi.
agentziak | erredakzioa
Nafarroako Gobernuak salaketak jarri du Jaime Arturo del Burgo Azpirozen aurka, Uxue Barkos Nafarroako presidenteari ustez mehatxu egiteagatik.
Foru Gobernuak Nafarroako presidente ohiak babesteko protokoloa aldatu zuenean jazo ziren gertakariak.
Testuinguru politiko berrian oinarritutako protokolo berriaren ondorioz, Jaime Ignacio del Burgo Nafarroako presidente izandakoari auto ofiziala eta eskolta kendu zizkioten, ekitaldi instituzionaletara joateko zaintza zerbitzua eta ibilgailu ofiziala erabiltzeko aukera mantenduz.
Jaime Arturo del Burgok gogor kritikatu zuen Uxue Barkosen Gobernuak hartutako erabakia eta exekutiboari posta elektronikoa bidali zion, besteak beste, ondokoa adieraziz: “Nire aitari zerbait gertatuz gero, zure gain hartu beharko duzu. Larrutik ordainduko didazu. Koldarra”.
Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du bere zerbitzu juridikoari neurriak hartzeko baimena eman diola, Uxue Barkos babesteko eta Del Burgok delitu penalik edo zibilik egin ote duen argitzeko.