Politika -
Jaro operazioa
Guardia Zibilak Causa Galiza erakundeko bederatzi kide atxilotu ditu
Antza denez, guztiei terrorismoa goratzea leporatzen diete eta Resistencia Galegarekin lotura dute, ikerketako iturriek azaldu dutenez. Gehienak Pontevedran atxilotu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Galiziako probintzia guztietan bederatzi pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak. Atxilotuak Causa Galiza erakundeko kideak dira. Antza denez, guztiei terrorismoa goratzea leporatzen diete, eta Resistencia Galegarekin lotura dute, ikerketako iturriek azaldu dutenez.
Iturrien arabera, atxilotu guztiak Causa Galiciako buruzagiak dira, eta gehienak Pontevedran atxilotu dituzte.Hala ere, operazioa Galiziako probintzia guztietan egin da (Coruña, Lugo, Pontevedra eta Orense). Atxiloketak herri hauetan egin dira: Santiago (1), Boiro (1), Muros (1), Pontevedra (2) eta Vigo (4).
Atxilotuei, esan bezala, terrorismoa goratzeko ekitaldiak antolatzea egozten diete; besteak beste, Día da Galiza Combatente izeneko eguna. Azken urteko ekitaldia joan zen urrian 11n egin zen, eta atxilotuek bertan zuzenean parte hartu zuten, baita Resistencia Galega erakunde terroristak egindako beste zenbaitetan ere, non terrorismoa goratu zen. Exército Guerrilheiro do Povo Galego Ceive (EGPGC) erakundearen oinordekoa da Resistencia Galega, Barne Ministerioko iturrien esanetan.
Aipatutako Día da Galiza Combatente egunean, 1990eko urriaren 11n hil ziren Exército Guerrilheiro do Povo Galego Ceive erakundeko bi kide omendu zituzten, Santiagoko Clangor diskotekan lehergailu bat jartzen ari zirela hil zirenak. Gertakari berean beste pertsona bat ere hil zen eta ia berrogeita hamar zauritu egon ziren.
Resistencia Galega
Barne Ministerioak gogoratu duenez, 2014ko Auzitegi Gorenaren epai batek aurretik Auzitegi Nazionalak emandako beste bat berresten zuen. Epai horrek terroristatzat jotzen zuen Resistencia Galega taldea, eta Exército Guerrilheiro del Povo Galego Ceiveren (EGPGC) oinordekoa zela esan. EGPGC 80ko urteetan bereziki aktibo aritu zen erakunde terrorista izan zen. Horren aurrean, beste talde batzuk bere kabuz desegitea erabaki zuten (AMI eta Agrupación de Montaña Aguas Limpias-AMAL, adibidez). Causa Galiza talde horien oinordekoa omen da.