Politika -

Katalunia

Bozeramaileen Batzordeak JxSi eta CUP alderdien ebazpena jorratuko du

Ciutadans, PSC eta PPC alderdiek Bozeramaileen Batzordeari zilegitasunik emango ez diotela iragarri eta Auzitegi Konstituzionalera jotzeko mehatxua egin dute.

Junts pel Si zerrenda bateratuko eta CUPeko kideak. Artxiboko irudia: EiTB
Junts pel Si zerrenda bateratuko eta CUPeko kideak. Artxiboko irudia: EiTB
Forcadellek biharko deitu du bozeramaileen mahaia

2:05

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts pel Si Kataluniako hauteskundeetarako zerrenda bateratuak eta CUP alderdiak Kataluniako estatu independentea sortzeko adostutako ebazpena jorratuko du Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak astearte honetan, 10:15ean, egingo duen bileran. Ohiko batzarrerako deialdia egin dute biharko, nahiz eta Alderdi Popularrak ez duen oraindik talde parlamentarioa osatu eta, beraz, ez duen ofizialki bozeramailerik izendatu.

Bilerako gai zerrendaren arabera, ebazpenaren tramitazioa geldiarazteko Ciutadansek eta PSCk aurkeztutako errekurtsoak izango ditu hizpide Bozeramaileen Batzordeak. PPk Ciutadansen eta PSCren helegiteak babestu ditu.

PP ez beste taldeetako bozeramaileei gaur eman zaie bileraren berri.

Oraingoz geldituta dago Junts pel Sik eta CUPek adostutako ebazpenaren tramitazioa; izan ere, testu hori jorratuko duen osoko bilkura deitzeko beharrezkoa da aurrez Bozeramaile Batzordea elkartzea.

Alderdi Popularrak azaroaren 6ra arteko epea du talde parlamentarioa osatzeko. Alderdi Popularrak epeak agortuko balitu, ezingo litzateke ebazpena aste honetan eztabaidatu, eta Kataluniako Parlamentuaren ezohiko osoko bilkura datorren astera atzeratuko litzateke.

Ciutadans, PSC eta PPC alderdiek arratsalde honetan bilera egin dute eta astearteko honetako Bozeramaileen Batzordeari zilegitasunik emango ez diotela iragarri dute. Gainera, izapidearekin aurrera jarraituz gero, Auzitegi Konstituzionalera joko dutela ohartarazi dute.

Oposizioa, kritiko

Lehenengo aldiz egingo dute Bozeramaileen Batzordearen bilera Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztien parte-hartzerik gabe, Kataluniako Parlamentuko iturriek adierazi dutenez.

Zenbait alderdiren esanetan, ezin da Bozeramaileen Batzordearen bilerarik egin PPk talde parlamentarioa osatu ez badu. Beste batzuen ustez, berriz, bilera egintea badago, PPko kideei bertara joateko gonbita eginez gero.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak mezu bat idatziko die PPko diputatuei, "talde parlamentarioa osatu ezin badute, ordezkari bat izenda dezaten" biharko bilerara joateko, Kataluniako Parlamentuak ohar bidez zabaldutakoaren arabera.

PPCk Auzitegi Konstituzionalaren aurrean salatuko du Forcadell, bilera egiten bada

Kataluniako Alderdi Popularrak gaur ohartarazi duenez, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen kontrako babes helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean, biharko deitutako bilera bertan behera uzten ez badu. 'Popularren' esanetan, Bozeramaileen Batzordearen bilera "legez kanpokoa" da talde parlamentario 'popularra' oraindik ez baita osatu.

Enric Millo PPCko kidearen hitzetan, PPCko 11 diputatuek idatzi bana bidaliko diete gaur Forcadelli, erabakia berriz pentsa dezala eskatzeko.

Ciutadansek ez du baztertzen Konstituzionalean helegite bateratua aurkeztea

Ines Arrimadas Ciutadans alderdiko buruak salatu duenez, "Parlamentuan ordezkatuta dauden katalanen eskubideak urratu dira" Bozeramaileen Batzordearen bilera deituta. Hori dela eta, gaur Carme Forcadelli idatzi bat bidaliko diola esan du, "bozeramaile guztien ordezkaritzarik gabeko" batzarrik egin ez dadin. Dena den, azkenean bilera egiten bada, Ciutadanseko bozeramailea bertan izango dela iragarri du. "Ez dugu baimenduko Bozeramaileen Batzordeak erabakiak aho batez hartzea", gaineratu du.

Bestalde, Arrimadasek ez du baztertu beste alderdi batzuekin batera Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkeztea, Kataluniako estatu independentea sortzeko ebazpena jorratuko den osoko bilkura egitea saihesteko.

Auzitegi Konstituzionalean "bere" helegitea aurkeztuko duela iragarri du

Carme Chacon Espainiako hauteskunde orokorretarako PSCren hautagaiak iragarri denez, sozialistek "beren" helegitea aurkeztuko dute Auzitegi Konstituzionalean, baldin eta Kataluniako Parlamentuko Mahaiak tramitera onartzen badu Junts pel Siren eta CUPen ebazpena. Gaur arratsaldean bertan Kataluniako oposizioko alderdien arteko bilera egitea proposatu du, astearteko Bozeramaileen Batzordearen bilera saihesteko.

Convergenciak ebazpen independentista babesten du

Marta Pascal Convergenciako (CDC) bozeramaileak ukatu egin du Junts pel Sik eta CUPek adostutako ebazpena dela-eta CDCren baitan hausturarik egotea, eta bere alderdia ebazpena Kataluniako Parlamentuan tramitatzearen alde dagoela erantsi du: "Ez dago atzera bueltarik". Dena den, aitortu du testuak "eztabaida" sortu duela zuzendaritzan, baina ez desadostasunik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Gaurko azken ordukoa