Politika -
Autobusak kiskalita Derion
Sarek salatu du Bizkaibusen aurkako erasoa oztopoa dela bakea lortzeko
Euskal presoen eskubideen aldeko taldeak uste du gobernuen "legez kanpoko eta mendeku goseko" kartzela-politikari "gizartearen indarraz" erantzun behar zaiola.
agentziak | erredakzioa
Sare euskal presoen eskubideen aldeko herritarren taldeak uste du Bizkaibusen kontra asteburuan Derion egin duten erasoa "oztopoa" dela "bake eskenatokia" lortzeko "prozesuan".
Sarek prentsa-oharra kaleratu du asteburuan ustez Ibon Iparragirre preso gaixoaren askatasuna eskatzeko egin duten erasoari buruzko irakurketa plazaratzeko.
Herritarren sareak kritikatu du Madrilgo eta Pariseko gobernuek "presoen giza eskubideen urraketaren bitartez" erantzun diotela euskal gizartearen "bake nahiari", eta "kartzela-politika eta sistema judiziala bakearen kontrako aktibo gisa" erabili dutela.
"Eta egunerokoan ditugun oztopoekin batera, Bizkaibusen autobusen kontra igande goizaldean egindako erasoa bat gehiago da", gaineratu du.
Sareren arabera, gobernuen "legez kanpoko eta mendeku goseko" kartzela-politikari "gizartearen indarraz" erantzun behar zaiola, ez bestela.