Politika -
Memoria eta biktimak
Indarkeriaren erabileraz 'hausnarketa kritikoa' egin du EH Bilduk
Gogoetak "biktima guztien erreparazioa" du helburu, Hasier Arraizek azaldu duenez. Koalizioak Memoriaren Egunerako deitu diren ekitaldietan parte hartuko du.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bildu osatzen duten alderdiek, tartean Sortuk, "indarkeriaren erabileraren inguruan hartutako erabakiei buruzko gogoeta kritikoa" egin du "biktima guztien konponketa lortzeko helburuarekin".
Hasier Arraiz (Sortu) eta Rebeka Ubera (Aralar) EH Bilduko parlamentariek prentsaurrekoa eman dute Donostian, datorren astearteko Memoriaren Egunari begira. Izan ere, ekitaldietan parte hartuko dutela iragarri dute.
Adierazpenak hiru puntu ditu, eta ez dio ETAri erreferentzia egiten.
Lehenengo puntu horretan euskal gizarteari zuzentzen zaio EH Bildu, "indarkeriaren erabileraren inguruan hartutako erabakiei buruzko gogoeta kritikoa" egiteko.
Arraizek ez du "erabaki" horien "adibide zehatzik" eman, eta helburua "iragan guztia aztertzea eta gertatutako guztiaren gogoeta kritikoa egitea" dela esan du, inola "mugarik" jarri gabe.
Sorturen presidenteak gogorarazi du EH Bildu osatzen duten alderdiek ibilbide propioa dutela, eta beti ez direla elkarrekin egon, batzuetan "elkarren kontra" ere egon baitira. Hala, koalizioa bera gainerako alderdiekin egin nahi duten ariketaren "eredu" dela azpimarratu dute.
Biktimak
Arraizek eta Uberak irakurri duten testuaren bigarren puntuan "biktima guztiei" helarazi nahi izan diete mezua, "parekatu gabe eta bazterketarik gabe". EH Bilduk "ekarpen txikia" egin nahi die "jarduera kritiko" horren bitartez.
"Atsekabe handia dugu gure jarrera politikoak ez diolako biktima orori lagundu", gaineratu dute idatzian, eta Arraizek aitortu du puntu horretan ETAren biktimekiko errekonozimendua ere badagoela.
"Jarrera politikoak" ez du "haien ondoan" zeudela erakusten, eta horrek "mina handitu die", Harraizen esanetan.
Kontaketa
EH Bilduk kontaketari eskaini dio adierazpenaren hirugarren eta azken puntua. Hala, "euskal eragile politikoei" eskatu die "ibilbide bat abiatzea askotariko kontaketa bat egiteko, euskal gizartean bezain askotarikoa".
"Kontaketa guztiez osatutako kontaketa, ezkutatu edo saihestutako sufrimendurik gabea. Kontaketa askotariko horrek indarkeriarik eta giza eskubideen urraketarik gabeko etorkizuna eraikitzeko oinarria izan behar du", gaineratu dute.
EH Bilduk “gogoeta kritikoa” egiteko prozesu bat abiatzea “positiboa” dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Lehendakaritzako iturriek adierazi dutenez, Sortuk 2012ko otsailean, Donostiako Kursaalean, esandako “bera” da, baina “prozesu guzti hauek positiboak dira”.
Lopez (PSE-EE): “Borreroen eta biktimarioen ondoan egon ziren"
Ezker abertzaleak ETAren indarkerian izandako erantzukizuna behingoz onartzea espero du Patxi Lopez PSOEko Ekintza Politika idazkariak, “guztien artean memoria kolektibo bat zabaltzeko”.
Ezker abertzalea “borreroen eta biktimarioen ondoan” egon zela gogorarazi du Lopezek. “Anbiguotasunik eta distantziarik gabe, biktimekin benetan egoteko”, eskatu die sozialistak.
Alonso (PP): “Oso berandu heldu da”
Bestalde, “gogoeta kritikoa oso berandu” heldu dela aurpegiratu dio Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak EH Bilduri. Indarkeriaren erabileraren inguruan ondorio batera heltzeko, “gehiegi pentsatu” beharrik ez zegoela uste du Alonsok.
ETAri desegiteko eta “iragan terrorista” gaitzesten dutenean “sinesgarritasun asko” irabaziko dutela erantsi du PPko buruzagiak.