Politika -
Auzitegi Nazionalean
Bost lagun epaituko dituzte 'Thierry'ri omenaldia egitea leporatuta
Terrorismoa goratzea egotzi die fiskaltzak; hori dela eta, urte eta erdi eta bi urte arteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak bost lagun epaituko ditu asteazken honetatik aurrera, ETAko bi kideri omenaldia egitea leporatuta. Omenaldia Oiartzungo Aritxulegi mendian egin zuten, 'gudarien basoan' deiturikoan, 2014ko martxoaren 9an. Ekitaldi hartan, Francisco Javier Lopez Peña 'Thierry' eta Arkaitz Bellon omendu zituzten.
Carlos Bautista fiskalak urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu du Francisco Ramon Gaztelumendi Uribarrenentzat, Miren Itziar Iñarrarentzat, Joaquin Izagirrerentzat eta Francisco Javier Iragorri Gamiorentzat. Gainera, zortzi urteko erabateko gaitasungabetzea eta bi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du akusatuentzat.
Bestalde, bi urteko kartzelaldia eskatu du Erramun Sagarzazu Gaztelumendirentzat, eta 16 urteko erabateko gaitasungabetzea eta lau urteko zaintzapeko askatasuna. Sagarzazuren kasuan, berrerortze larrigarria egotzi dio, talde terroristako kidea izateagatik Frantzian kondenatua izan baitzen.
Zigor-Aretoaren Laugarren Sekzioaren fiskaltzak Aritxulegi mendian izandako omenaldia antolatu izana leporatu die akusatue. Oiartzun eta Lesaka lotzen duen inguru horretan bi haritzondo landatu zituzten, buruko isuri batek jota 2013ko martxoan hildako 'Thierry'ren eta Cadizeko espetxean 2014ko otsailean hildako Arkaitz Bellonen omenez.
Lore-eskaintza
Ekitaldian 600-700 lagun izan ziren. Ikurrina altxatu zuten, eta hildakoen omenez lore-eskaintza egin. Ohorezko aurresku bat dantzatu zuten, eta euskal gudariaren himnoa abestu.