Politika -
Epaia
Estrasburgo, Filipe Bidarti adierazpen askatasuna mugatzearen alde
Frantziak terrorismo delituekin lotutako adierazpenak egitea debekatu zion Iparretarrak taldeko kideari. Bidartek Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen babes eske. Honek, baina, ukatu egin dio.
Agentziak | Erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman dio gaur Frantziako Justiziari Filipe Bidart Iparretarrak taldeko kide eta preso ohiaren auzian. 19 urtez preso egon ondoren, baldintzapean aske geratu zen Bidart 2007an eta, beste hainbat kautelazko neurriren artean, terrorismo delituen inguruan adierazpen publikoak egiteko debekua ezarri zion epaitegiak.
Adierazpen askatasuna urratua zuela ulertuta, Estrasburgora jo zuen preso ohi baigorriarrak 2011n, eta orain etorri da Giza Eskubideen Auzitegiaren erantzuna. Honen arabera, Frantziako Justiziak "ez zuen gehiegizko neurri" bat hartu debeku hura ezartzean, eta hortaz, Bidarti eskatutako babesa ukatu dio.
Filipe Bidart Iparretarrak taldeko burutzat jo zuten Frantziako epaitegiek, eta 19 urteko kartzela zigorra ezarri zioten hiru atentatutan parte hartzeagatik. 2007an geratu zen aske, baldintzapean. Honako badaezpadako neurriak ezarri zizkion epaitegiak (2014ra arte indarrean egon dira): armak eramateko debekua, enplegu eta bizileku aldaketak jakinarazteko, atzerrira joateko baimen judiziala eskatzeko eta biktimei kalte-ordainak ordaintzeko funtsari zegozkion transferentziak egiteko betebeharra.
2007ko abenduan, Agen herriko polizia-etxearen aurrean egindako manifestazio batean parte hartu zuen Bidartek. Horren harira, Parisko Instantzia Handiko Auzitegiak terrorismoaren delituekin lotutako adierazpen edo idatzi publikorik ez egiteko debekua ezarri zion.
Lau urte geroago, eta debeku honek bere adierazpen askatasuna asko mugatzen zuela ulertuta, Estrasburgoko Auzitegian babesa eskatu zuen Bidartek.
Gaur ezagutu den epaiak, ordea, babes hori ukatu dio preso ohiari, ezarritako debekua gehiegizkoa izan ez zela nabarmenduta. Izan ere, Auzitegiaren arabera, Bidartek "bazuen euskal auziaren inguruan hitz egiterik, terrorismo delituekin lotutako adierazpenak egiten ez bazituen bederen".
Estrasburgoko Auzitegiaren irudiko, delitu jakin batzuengatik zigortutako lagunen adierazpen askatasuna denbora batez mugatzea badago, delitu horiei lotutako gaien inguruan bada.