Politika -
Txostena
ETArekin kritikoak ziren irakasleei buruzko txostena aurkeztu dute
Maite Pagazaurtunduak Donostian aurkeztu du txosten hori, Fernando Savater filosofoak eta Coviteko presidente Consuelo Ordoñezek parte hartu duten ekitaldi batean.
Agentziak | Erredakzioa
"Adorez" jardun zuten eta ETAren aurkako diskurtsoa gidatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak aintzatetsi ditu UPyD alderdiko Maite Pagazaurtundua europarlamentariak berak landutako txosten batean.
Pagazaurtunduak Donostian aurkeztu du gaur txosten hori, Fernando Savater filosofoak eta Coviteko presidente Consuelo Ordoñezek parte hartu duten ekitaldi batean.
Bere esanetan, gaur aurkeztutako ikerketak "ekarpen xume" bat da izan nahi du, "desager daitekeen historiako parte bat" jasotzen duelako; hain zuzen ere "irakasle batzuen borroka demokratikoaren testigantza, gerora beste herritar batzuek jarraitu genuen kontakizuna egiteko gai izan zirenak".
Txostenaren beste xede bat oraintsu hil den Sara Torres irakaslea omentzea da. Torres Fernando Savater filosofoaren emaztea zen, eta hark esan duenez, ETAren aurkako diskurtsoa gidatu zuten EHUko irakasleak "ez ziren heroiak izan", baizik eta irakasle hutsak izaten saiatu ziren, nahiz eta horrek "larrutik ordaintzea" ekarri zuen.
Gaineratu duenez, orain nahi dutena da Eusko Jaurlaritzak aintzatetsi ditzala "ez bidean bizia utzi zutenak", baita "borroka egin zuten" irakasle guztiak ere. Horrez gain, EHUk zergatik inoiz ez dien omenaldirik egin galdetu du.
EHUko hainbat irakaslek esku hartu dute ekitaldian, besteak beste Manu Montero errektore ohiak. Jardunaldian zehar etengabeak izan dira Pariseko atentatuari buruzko aipamenak.