Politika -

MOBILIZAZIOAK

EH Bilduk 24 orduko baraua deitu du presoen eskubideen alde

Manifestazioa eta ekitaldi politikoa ere iragarri ditu koalizioak; larunbatean eta igandean egingo dira euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak, Bilbon.

Oscar Matute, EH Bildu.
Presoen eskubideak aldarrikatzeko baraualdia egingo du EH Bilduk

0:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko hainbat kidek 24 orduko baraua egingo dute, datorren larunbatean, Bilbon, euskal presoen eskubideen defentsan; euskal presoen Euskal Herriratzea, "salbuespenik gabe", aldarrikatuko dute. Manifestazioa eta ekitaldi politikoa ere iragarri ditu koalizioak, astebururako.

Nekane Perez eta Oscar Matute EH Bilduko ordezkariak agertu dira hedabideen aurrean, "Euskal Presoak Euskal Herrira, etxera" lelopean egingo dituzten mobilizazioen berri emateko.

Larunbat eguerdian abiatuko dira protesta-ekintzak, 24 orduko barauarekin. Casilla polikiroldegian bilduko dira koalizioko hainbat kide. Ondoren, 18:00etan, giza-katea egingo dute Casillatik Areatzara. Igandean, berriz, ekitaldi politikoa egingo dute kiroldegian bertan.

Perezek euskaraz eta Matutek gaztelaniaz irakurri duten agirian nabarmendu dutenez, euskal gatazka politikoa konpontzeko "ezinbestekoa" da presoak kontuan hartzea.

"Euskal presoak Euskal Herrian egon behar dira, etxean, salbuespenik gabe. Gizartearen gehiengo zabal baten aldarrikapen argia da. Gatazka politikoaren konponbide integralerako ezinbestekoa zaigu preso dauden pertsonak gogoan izatea. Eurek, presoek, modu argi batean euren borondate osoa adierazi baitute Euskal Herrian irekita den ziklo politiko berriari ekarpena egiteko", nabarmendu dute.

EH Bilduren aburuz, ETAk 2011an armagabetzea iragarri zuenetik, "urrats garrantzitsuak" eman dira, baina Espainiako eta Frantziako estatuek "blokeo egoerari eusten diote", eta  "horren adibide nabarmenena kartzela politika da".

Euskal preso ugari "erabaki politikoen ondorioz" daude espetxean, ezker abertzaleko koalizioaren iritzian. "Onartezina da presoen eskubideak merkantzia politiko bezala erabiltzea", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Presoak bideoak EH Bildu Araba Eguneko albisteak