Politika -

Jaurlaritzaren txostena

EAE 500 aldiz bonbardatu zuten Gerra Zibilean

Memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten elkarteak eta gerra zibileko memoriaren leku fisikoak zerrendatu dituzte EHUko ikerlariek egindako lanean.

Gogorako kideak eta EHUkoak, txostenaren aurkezpenean. Argazkia: Efe
Gogorako kideak eta EHUkoak, txostenaren aurkezpenean.
Gogorako kideak eta EHUkoak, txostenaren aurkezpenean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAE 500 bider bonbardatu zuten Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzaren aginduz EHUko ikerlariek egindako txosten batean jasotakoaren arabera.

'Memoriaren Ibilbideak. Gerra Zibilaren memoriarekin lotutako espazioen zerrenda' izeneko lana gaur aurkeztu dute Bilbon Joseba Agirreazkuenaga eta Miquel Urquijo EHUko Historia Garaikideko katedradunek.

Ikerketak bi gai nagusi izan ditu: batetik, azken bost urteetan memoria historikoa berreskuratzeko lan egin duten EAEko elkarte eta taldeak zerrendatu dituzte, eta, bestetik, Gerra Zibileko memoriaren leku fisikoak.

Azken horretan daude Eusko Jaurlaritzaren egoitzak, herritarrak bonbardatu zituzten lekuak, presondegiak eta gatibu-lanak eginarazten zuten lekuak.

Hala, EAEn ez ziren Gernikako eta Durangoko bonbardaketa ezagunak soilik izan, 500 gehiago izan baitziren. Garaiko prentsa eta pilotuen hegaldietako oharrak aztertuta lortu dute kopuru hori. Hala ere, hurrengo alean gehiago zehaztuko omen dituzte eraso horiek.

Gaur egun ikus daitezkeen lekuen artean, Bilboko Burdinazko Gerrikoa (Ganekogortaren magalean ikus daitezke lubakiak) eta Carlton Hotela daude, Jaurlaritza bertan ezkutatu baitzen.

Presondegi moduan erabilitako eraikinak ere bertan daude: Arriaga Antzokia, Bilboko Eskolapioak eta Gasteizko Bihotz Sakratua.

Ahaztutako kolektibo batean ere jarri dute arreta: behartutako langileak. Izan ere, Espainiako Estatuan 48.000 pertsona omen zeuden 1942an esklabo gisa lan egitera behartuta.

EAEn, 71 lan publiko egin omen zituzten behargin horiek; tartean, Sukarrietatik Bermeora doan trenbidea, eta Sondikako aireportua handitzeko lanak.

Txostenean, hala ere, ez dituzte desagertuen edo hobi komunen zerrendak sartu, lan hori Aranzadi elkartea egiten ari delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak EHU EAE albisteak Gaurko azken ordukoa Frankismoa albisteak Gerra Zibileko biktimak